Atzo iluntzean egin zuten udalbatzarrean, tabernak eraberritzeko zegoen udal araudia berritzea onartu zuten. Zaharkituta gelditu diren tabernei, espaziorik galdu gabe, gaur egungo araudietara egokitzeko aukera ematea da. Hemendik aurrera, taberna eraberritu nahi duenak alboko lokala erosteko aukera izango dute (lehen ezin zen handitu alboko lokaletara). Dena den, tokia irabazi arren, bezeroentzako tokia ezingo da handitu; eremu berria hobekuntzak egiteko soilik erabili ahal izango da: sukaldea hobetzeko, soinu aldetik insonorizazioa hobetzeko (ate bikoitzak, esaterako)…
Bestalde, eraikinak botatzen diren kasuetarako ere aldaketak egin dituzte. Eraikin zaharraren azpian tabernaren bat bazegoen, orain arte araudiak ez zuen uzten eraikin berrian taberna berria jartzen. Orain, hori aldatu egin dute eta eraikinarekin batera taberna ere berritu ahal izango da. Herri guztia hartzen du bere baitan araudi berri honek.
Aldaketa hauekin, tabernen barrualdeko soinu arazoak konponduko dituztela uste dute udal arduradunek. Dena den, kanpoko zaratari ez dio eraginik egingo. Horregatik, Jon Urien alkateak konpromisoa hartu zuen kanpoko terrazen eta espazioen araudia ere berrikusten hasteko.