Triatleta parte-hartzaileen segurtasuna bermatze aldera, BH Zarauzko Triatloi probako bizikleta zirkuitua itxia izango da. Beraz, Getaria, Zumaia eta Zarauzko trafikoa moztu egingo dute bi noranzkoan, probak irauten duen bitartean. “Betidanik kezkatu gaitu parte-hartzaileen segurtasuna. Hain zuzen ere, autorik ez izatea triatloia egiten den momentuan, eta lortu dugu. Alde horretatik, parte-hartzaileei berme hori emateaz gain, kalitatezko aurrerapausoa izango da zirkuitu itxia izatea”, azaldu du Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakariorde Zigor Saizarrek, gaur eguerdian Donostian egin duten aurkezpen ekitaldian.
Parte-hartzaileentzat berri ona bada ere, trafikoa mozteak bere alde txarra ere baduela jakin badakite antolatzaileek. Horrexegatik, herritarrei aldez aurretik jakinaraziko dietela eta erraztasunak ematen saiatuko direla adierazi du Saizarrek. Bide batez, eskerrak eman zizkieten aipatu kostaldeko udalei zein Gipuzkoako Foru Aldundiari erabakia aurrera eman ahal izateko. Izan ere, garraio publikoaren gutxieneko zerbitzuaz gain, ibilgailu ofizialek eta larrialditakoek baino ez dute izango errepidean ibiltzeko baimena.
Segurtasunaren aldeko apustua egiteaz gain, probak distantzia olinpiko bikoitzekoa izaten jarraituko du eta aurreko urteetako gogortasunari helduko dio. Hala ere, aldaketa batzuk izango ditu ibilbideak. Aurten, Oriotik Aiara bitarteko horma kenduko dute eta haren ordez, Garate gaina gainditu beharko dute triatletek bizikletako saioan.
BH Zarauzko Triatloia 20011 ekainaren 11n jokatuko den arren, izen-emate epea larunbatean zabalduko dute. Iazko partaideei lehentasua eman nahi dietenez, bi txanda jarriko dituzte horretarako. Larunbatetik martxoaren 3ra joan den urtean proban aritu zirenek eman ahal izango dute izena. Gainerakoek, berriz, martxoaren 5etik aurrera egin ahal izango dute inskripzioa.
XXV. urteurrenari begira
Aurtengo edizioa berezia izango da probaren 25. urteurrena izango delako. Horren harira, festa giroa emango diote kirol hitzorduari. Hala, gastronomia eta kirol uztartzen dituen Expo azoka antolatuko dute eta ibilbideko hainbat gunetan musika izango da. Bestalde, ekainean zehar, 25 urte hauetako triatloiko argazkiekin erakusketa bat zabalduko dute eta Aspanogiren festan bezalaxe, haurrei zuzendutako triatloi proba antolatu nahi dute.
Zarauzko Udaleko alkate Jon Urienek adierazi duenez, “harrotasunez betetzen nau urteurrenak”. Horrekin batera, Zarauzko Triatloi Elkartearen lana eta ahalegina goratu zituen, urte osoan egiten duen lanagatik, eta bide batez, antolakuntzak eta inguruak ez ezik, herrian sortzen den giroak egiten duela “berezi” proba nabarmendu du. Turismo batzordeburu Imanol Lasak, bere aldetik, Zarauzko Triatloiaren sortzaile Juan Treku, Juan Mari Gibelalde eta Jexux Agoües ekarri zituen gogora. Bestalde, halako ekitaldi batek turismo sektorean eragin nabarmena duela azaldu du. Saizarrek, era berean, hiru sortzaileekin batera Turismo bulegoak urteetan egindako lana eskertu zuen.
Iaz bezalaxe, aurtengo Zarauzko Triatloia TriGrandPrix nazioarteko triatloi zirkuituaren baitan sartuko dute. Zirkuitua sei probaz osatuta dago eta horietako bat Zarauzkoa izango dela adierazi du TriGrandPrix-eko arduradun Jose Manuel Torresek: “Zarauzko probaren enbaxadoreak gara nazioartean. Iaz zortea izan genuen parte-hartzaileen aldetik eta aurten ere beste horrenbeste espero dugu, profesionalen eta afizionatuen arteko partaidetza”. Baieztatu duten triatleta profesionalen artean,besteak beste, Eneko eta Hektor Llanos anaiak, Timo Brancht, Michael Lovato, Ted As, Cat Morrison, Amanda Lovato, Ana Casares eta Angela Naeth daude.