Loiola Berrikuntza Fundazioak Bic Gipuzkoa Berrilan Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu du. Fundazioak Azkoitian duen egoitzan izan dira Jose Ramon Guridi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarte diputatua eta Bic Gipuzkoa Berrilaneko lehendakaria, Julian Eizmendi Loiola Berrikuntza Fundazioko lehendakaria eta Azpeitiko alkatea, Yolanda Lopez Eusko Jaurlaritzako Industria Aministrazio eta Segurtasuneko zuzendaria, Marisa Arriola Bic Gipuzkoa Berrilanen zuzendaria, Begoña Beobide Loiola Berrikuntzako zuzendaria eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea.
Sinadurarekin, bi elkarteek aurrerantzean elkarlanean arituko dira, “indarrak batzeko” asmoz. Hori hala, “barne ekintzaile eta ekintzaile kultura” zabaldu nahi dute bi entitatek, “oinarri teknologikoa duten enpresa berriak” sortzeko asmoz. Elkarlan honekin batera, hainbat lan ildo finkatuko dituzte aurrerantzean; besteak beste, Urola Erdian ekintzailetza prozesuak finkatzen hasiko dira edota diagnostikoak garatzeko beste bailara batzuetako proiektuen partaidetzarekin arituko dira.
Arriola eta Eizmendi “itxaropentsu” agertu dira elkarlanarekiko. Arriolaren esanetan, “prozesu natural baten baitan” eman da hitzarmena, bi taldeek “helburu antzekoak” dituztelako, besteak beste. Bien artean, ekitzailetasuna eta etorkizuneko proiektuak garatu nahi dituztela adierazi dute arduradunek. Eizmendik, bere aldetik, Udalek duten rola azpimarratu nahi izan du: “Gaur egun beharrezkoa da entitate pribatu eta publikoen artean egiten den lana. Udalen eginkizunetako bat da sustapenean aritzea. Eta gaurko hitzarmen hau eginkizun horren baitan dago”.
