Zarautz Zero Zaborrek antolatuta, larunbatean Usurbilera irteera egingo dute herritarrek, atez ateko bilketaren esperientzia bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. “Egungo hondakinen kudeaketak konponbideak eskatzen ditu. Munduko hainbat adituk hondakinen kudeaketaren konponbide egokiena deritzen atez-ateko bilketaren esperientzian inguruotan aintzindari izan dugun Usurbilgoa bertatik bertara ezagutzeko parada izango dugu, adituen eskutik azalpenak jasoaz”, adierazi dute antolatzaileek.
“Gaikako bilketan purutasun eta portzentaiarik altuenak” bildu ditu atez ateko sistemak, zabor gutxiago sortzeaz gain sortzen dutenaren ehuneko handiena, %82a alegia, gaika bildu eta birziklatu egiten dute kudeaketa eredu honi esker”, gehitu dute. Horretaz gain, Zubietako auzotarren bizi egoera ere bertatik bertara azalduko diete bertaratzen direnei auzotarren delegazio batek. “Konponbidea gure esku dagoelako eta hobeto egitea hain zaila ez delako, zatoz etorkizunean guztiona izango den hondakinen kudeaketa ereduaren esperientzia ezagutzera”. Zarauzko tren geltokian bilduko dira herritarrak, 9:08etako trena hartze aldera.