Pukasek eta Teknaliak elkarlanean e ohol «inteligentea» aurkeztu berri dute. Ez du aparteko tresneriarik bistan, eta ezta pisurik ere. «Lan handia egin dugu elektronika guztiak pisu handirik izan ez dezan eta babestua egon dadin», azaldu du Tecnaliako Urko Esnaolak.
Batetik, presio sentsoreak jarri dizkiote taulari, hamasei. Metal koloreko laukitxo gris horiek surflaria non eta noiz ari den zapaltzen jakitea ahalbidetzen dute. Era berean, giroskopio bat, iparrorratza eta gps-a ere ezarri dizkiote, eta horrekin guztiarekin ohola uneoro hartzen ari den posizioa ezagutu daiteke.
Eta bestetik, atzekaldean galga bat jarri diote taulari, izaten ari den deformazioa neurtzeko. «Taula arku batekin aldera daiteke. Fletxak jaurtitzerakoan okertu egiten da. Eta okerduraren arabera aldatu egiten da indarra, eta ondorioz, geziak egingo duen distantzia», dio Esnaolak.
«Taularekin antzera gertatzen da: surflariak olatua hartu eta jaistean indarra egiten dio oholari hankekin. Hura doblatu egiten da, eta horren araberakoa izango da surflariak lortuko duen abiadura». Hori hala, taula zenbat tolestatzen den neurtzea «oso garrantzitsua» dela dio Esnaolak.
Informazioa lehorrean
Era berean, ordenagailu bat darama barruan oholak. Surflaria uretan dagoenean datuak bildu baino ez ditu egiten, baina lehorrean bideora konekta daiteke taula, eta informazio hori aztertu.Hori hala, taula «inteligenteak» bi helburu ditu: ekoizpena eta entrenamenduak hobetzea.
Lehenbizikoari dagokionean, taula batentzako tentsio eta flexio optimoa zein den aztertuko dute, eta hori jakinda, hori lortzeko materialegokiena baliatu. Bigarrenari dagokionean, berriz, zera dio Esnaolak: «Orain arte entrenamenduetan baliatzen den teknologia bakarra bideoa da. Surflaria uretan sartzen denean entrenatzaileak bideoan grabatzen ditu haren mugimenduak, eta etxera joaten direnean ikusitakoarekin teknika hobetzen saiatzen dira».
Aurrerantzean, ordea, informazio zehatzagoa izateko aukera eskainiko du taulak.Momentuz ez dute salgai jarriko, prototipoa baino ez da.Atzo Donostiako Kursaal jauregian aurkezpena egin ostean, Aritz Aranburu surflari zarauztarra zen uretan taula frogatzekoa. Baina itsaso txarra medio, beste baterako utzi zuen.
Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Kepa Acero eta Mario Azurza eliteko surflariek egin dituzte lehen saiakuntza definituak, surfeko taulek jasan behar dituzten esfortzuak ahalik eta zehatzena karakterizatu ahal izateko. Proiektuaren hurrengo faseetan, beste surflari profesional batzuek ere laguntzea espero da, besteak beste, Tiago Pires, Joan Duru, Eneko Acero eta Tim Boal-ek.
Zenbait datu:
- TECNALIA RESEARCH & INNOVATION Espainiako ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da, eta Europako bosgarrena. Ezagutza BPG bihurtzea du helburu, pertsonen bizitza hobetzeko eta enpresetan negozio-aukerak sortzeko. Tecnalia Korporazio Teknologikoko partaide da TECNALIA, AZTI-Tecnalia eta NEIKER-Tecnaliarekin batera. Korporazio horretan, hiru teknologia-zentroek estrategia bera dute, eta lan egiteko eredu berritzaile bera, sektorekako negozio-unitateetan oinarritua eta zeharkakotasun handikoa.
- Pukas Surf prestazio handiko taulen Europako fabrikatzaile eta banatzaile handiena da. Mundu osoan da ezaguna gipuzkoar marka, eta Sunny Garcia (Haw) eta Gabriel Medina (Bra) punta-puntako surflariak munduko txapeldun izan dira Pukas taulekin surf eginez. Aritz Aranburu (Eus), Tiago Pires (Por) eta Joan Duru (Fra) dira, besteak beste, Tecnalia-Pukas ekimenaren emaitzez balia daitezkeen Europako surflari onenetako batzuk.