Duela egun batzuk, gure eskaeraz, 2010ean Getariak jaso zituen bisitarien kopurua eta jatorria ezagutu genuen.
Horrela sailkatzen dira: batetik Espainiako Estatuko bisitariak daude, autonomia erkidegoka sailkatuak, non Euskadiko eta Navarra-Nafarroako bisitariak bereizita kontatzen diren. Bestetik, atzerriko bisitariei dagokionez, hauek jatorriko estatuaren arabera sailkatzen dira, Lapurdi, Behe-Nafarroa eta Zuberoatik etorritako bisitariak frantsesak bezala kontsideratuz.
Anekdotikoa dirudien gertaera honek kezka sortu du gure artean, ikusirik beren burua abertzaletzat duten gure agintariek inongo erreparorik gabe onartzen eta barneratzen dutela Euskal Herria ukatzen duen banaketa instituzional inposatua.
Non dago Getariako Udala kudeatzen duen PNVk aldarrikatzen duen euskal kontzientzia? Non euskal nazio ikuspegia?
Kezka ere, hau guztia, Getariako Udala turismo plan estrategikoa lantzen ari denean gertatzen ari baita.
Ados gaude Getariak turismoa sustatzeko, beste arlo batzuetan bezala, plan estrategiko bat behar duela, baina inolaz ere ez hari hauekin jositako plan bat, non Euskal Herriaren aitortza ukatzen den.
Euskal Herria onartzen eta aldarrikatzen ez duen turismo edo beste edozein arlotako plan batek ez du inoiz Getariako
ezker abertzalearen oniritzia eta babesa izango. Euskal Herriaren biziraupenerako ezinbestekoa baita naziotasuna herriko esparru guztien lanketan oinarri izatea.
Getariako hautetsi independentistak