Hizkuntza politikaren azterketa gainditu dute eskualdeko udalek

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 21a

Udalek abian dituzten hizkuntza politikak baloratzeko asmoz, bigarren azterketa egin du Kontseiluak. Euskal Herriko udalerri nagusien datuak kaleratu ditu Kontseiluak, eta, txostenaren arabera, Urola Kostako herriek (Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zarautzek) gainditu egin dute azterketa. Normalizaziora gerturatzeko ahalegina egiten dutela erakusteko, gutxienez 7 puntu lortu behar dituzte udalek; eskualdeko guztiek gainditu dute langa. Txosten hau egiteko datuak euskalgintzako eta udaletako ordezkarien artean bildu dituzte arduradunek. Batetik, euskararen korpus juridikoa neurtu dute: udalak euskararen ordenantzarik ba ote duen. Bestetik, udalek jarritako baliabide ekonomiko eta pertsonalak behatu dituzte. Eta azkenik, euskararen normalizazioa lortzeko udalek duten plangintza zehatza aztertu dute. Kontseiluaren ustez, Euskal Herriko udalen hizkuntz politika ondoen definitzen duen hitza «nahaspila» da: «Udalen arteko ezaugarri bateragarririk ez dago». Batetik, alderdi politikoak jarri ditu jomugan: «Alderdiek ez dute hizkuntza politika definiturik eta alderdi berekoak diren bi udalen artean alde handia egon daiteke». Bestetik, legezko ofizialtasuna izateak ere herrien arteko «koherentziarik ez» dakarrela diote, eta lurralde berean egoteak ere (kasu honetan, Gipuzkoan) ez du bermatzen hizkuntz politiken parekotasuna. Kontseiluaren esanetan, koherentzia ezartzen duen irizpide bakarra herriko ezagutza tasa da: zenbat eta euskaldunago izan herria, orduan eta politika eraginkorragoa egin ohi dute. Hala ere, faktore horrek badauka alde iluna ere. Kontseiluaren ustez, normalizazioa lortzeko «hikuntza politika eraldatzaileak ezinbestekoak» dira, egoera aldatzeko ahalegina egingo duten erabakiak. Baina neurketak «agerian utzi du egungo errealitateari erantzuteko politikak baino ez direla artikulatzen». Webgune berria abian 2006an egindako lehen neurketan 66 herri aztertu zituzten; oraingoan, berriz, 113 izan dira. Egun batzuk barru Kontseiluak webgune berria irekiko du eta datu guztiak bertan jarriko dituzte. Herriei 0tik 10era jarri die nota Kontseiluaren neurketak. Nahikoa lortzeko gutxienez 7 puntu izan behar dira. Orio. 8,7745 puntu (herriko ezagutza %92,4). Azpeitia. 8,6925 (herriko ezagutza %94,8). Zarautz. 8,2457 (herriko ezagutza %86,4). Azkoitia. 7,872 (herriko ezagutza %90,7).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide