Joan den ostirala gau handia izan zen Zestoako pilotazaleentzat. Izan ere, lehen aldiz eskuz binakako txapelketa nagusiko kanporaketa jokatu zuten bertan Aspeko Sebastien Gonzalezek eta Aritz Laskurainek Asegarceko Aimar Olaizola II.aren eta Aritz Beginoren aurka. Gonzalezek eta Laskurainek 22-10 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Beginori. Horrez gain, bigarren mailako beste partida bat ere izan zen: Aspeko Jon Apezetxea eta Cecilio Valgañon bikoteak 18-22 irabazi zuten Asegarceko Mikel Olaetxea eta Jon Ander Albisuren aurka.

Zestoako Pilota Taldeak antolatu zituen PilotaTxapelketa Nagusiko partidak. Taldea «gustura» dago hitzorduaren erantzunarekin, «herritar ugari» bertaratu baitzen pilotalekura.
«Aurreikuspenak gaindituta»
«Gure helburua ekonomikoki galerak ez izatea zen, eta hori lortu dugu. Halaber, ikusi dugu amabirjinetatik kanpo ere horrelako jaialdiek harrera ona izaten dutela». Taldearen esanetan, partida profesional horiek «ikusmin handia» sortu zuten herrian. Mikel Arregi Ertxin taldeko kideak azaldu duenez, «pilota giroa sustatzea» zen jaialdiaren asmoetako bat, eta «aurreikuspen guztiak gainditu» dituztela jakinarazi du.
Lehia nagusiei dagokienez, ordea, herritarrek «partida hobeagoak» espero zituztela aitortu du. Hala ere, jaialdiak izandako erantzun ona ikusita, pilota taldeko ordezkariek jakinarazi dute datorren urtean ere, «herriko jaietatik kanpo, berriro antolatzeko ahalegina» egingo dutela.