Matadeixe «epe ertainean» zutik mantenduko dela adierazi du Udalak

Ane Olaizola 2011ko otsailaren 21a

Estali gabeko igerilekuen proiektuari jarraipena emanez, joan zen urtean Ugarte Igara eremuan etxebizitza libreak egiten hasi ziren. Udalak adierazi duenez, etxebizitza horiek egindakoan Ugarte Igarako proiektua amaitutzat joko dute. Etxebizitza horien alboan dago Matadeixe, eta etxebizitza libreak egindakoan harekin zer gertatuko jada argitu du Udalak. «epe ertainera bitartean» kulturguneak «bere horretan» jarraituko duela adierazi du. «Matadeixe, orain dagoen bezala geratuko da, ez da botako. Hamar hamabost urte bitartean ez dugu Matadeixe eta inguruko enpresen inguruan mugimendurik egingo», adierazi du Iosu Bastida Azkoitiko Udaleko alkateorde eta Hirigintza zinegotziak. 70 etxebizitza inguru egingo dituzte eremu horretan, eta Udalak datorren urterako amaitzea aurreikusten du. Proiektu osoa, ordea, duela sei urte jarri zuten abian. 2005. urtean Udalak Hirigintza Planeamenduko Arau Ordezkatzailea aurkeztu zuen, orduko gobernu taldeak udalbatzan hala onartu eta gero. Arau ordezkatzailearen arabera, Ugarte Igara eremuko 6.000 metro koadro inguruko eremuaren baitan, besteak beste, «ekipamendu desberdinak» egiteko plana onartu zuten. Horrekin batera, Matadeixe botatzea eta eremu berriarekin komunikatzeko zubia eraikitzea onartu zuten. Orain, ordea, Matadeixe botatzeko plana «geldirik» dagoela adierazi du Udalak, eta erabaki hori herriko etxebizitza politikarekin lotzen du. «Batetik, proiektua uste baino makalagoa doa, eta, bestetik, gaur egun ditugun etxebizitzekin eta Intsausti eta Txalon Erreka eremuan egingo direnekin nahikoa dela uste [...]

Estali gabeko igerilekuen proiektuari jarraipena emanez, joan zen urtean Ugarte Igara eremuan etxebizitza libreak egiten hasi ziren. Udalak adierazi duenez, etxebizitza horiek egindakoan Ugarte Igarako proiektua amaitutzat joko dute. Etxebizitza horien alboan dago Matadeixe, eta etxebizitza libreak egindakoan harekin zer gertatuko jada argitu du Udalak. «epe ertainera bitartean» kulturguneak «bere horretan» jarraituko duela adierazi du.
«Matadeixe, orain dagoen bezala geratuko da, ez da botako. Hamar hamabost urte bitartean ez dugu Matadeixe eta inguruko enpresen inguruan mugimendurik egingo», adierazi du Iosu Bastida Azkoitiko Udaleko alkateorde
eta Hirigintza zinegotziak. 70 etxebizitza inguru egingo dituzte eremu horretan, eta Udalak datorren urterako amaitzea aurreikusten du. Proiektu osoa, ordea, duela sei urte jarri zuten abian.
2005. urtean Udalak Hirigintza Planeamenduko Arau Ordezkatzailea aurkeztu zuen, orduko gobernu taldeak udalbatzan hala onartu eta gero. Arau ordezkatzailearen arabera, Ugarte Igara eremuko 6.000 metro koadro inguruko eremuaren baitan, besteak beste, «ekipamendu desberdinak» egiteko plana onartu zuten. Horrekin batera, Matadeixe botatzea eta eremu berriarekin komunikatzeko zubia eraikitzea onartu zuten.
Orain, ordea, Matadeixe botatzeko plana «geldirik» dagoela adierazi du Udalak, eta erabaki hori herriko etxebizitza politikarekin lotzen du. «Batetik, proiektua uste baino makalagoa doa, eta, bestetik, gaur egun ditugun etxebizitzekin eta Intsausti eta Txalon Erreka eremuan egingo direnekin nahikoa dela uste dugu. Eremu hori, beraz, horrela geratuko da». Hori hala, «etorkizun luzean» gune horretan zer gertatuko den zehaztea «oraindik ezinezkoa» dela gaineratu dute.  «Orduko Udalaren esku egongo da erabaki hori».
«Balio handiko eraikina»
Matadeiko kideek, berriz, azken erabakiaren inguruan «zalantzak» dituztela diote, zentrua ez botatzeak «ilusioa» egiten badie ere. «Hazkunde makro-urbanistiko honekiko kritikoak gara, eta Matadeixek ez du etxebizitza politika honetan lekurik, herritarren beharrei baino kapitalari begiratzen baitiote», adierazi dute kideek. Eraikinaren etorkizuna «arriskuan» ikusten dute oraindik. Horregatik, Mataideixen «behar bezalako erabilera» bermatzeko asmoz eta «beti beldurrez» ez egoteko, «egoera behin betiko argitzeko» eskatu diote Udalari.
Horrez gain, «orain jakinarazi duten» erabakiak «hauteskunde usaina» duela gaineratu dute. Kulturguneko kideek «Matadeixen alde apustua» egiteko eskatu diote Udalari, «eraikina eta ingurunea mantendu, zaindu eta herrira zabaldu» dezaten: «Matadeixek eraikin historiko gisa balio handia du. Inguruan ez dago horrela funtzionatzen duen eraikinik, jarduera handia baitu. Balioa kontutan izanik, inguru hau atondu beharra dago, eta horretan Udalak ere lagundu behar du; garbitasunari dagokionez, besteak beste».
Matadeixek 15 urteko ibilbidea izanik, eraikinak «funtzionamendu propioa» duela nabarmendu dute kideek. Herri mailako nahiz kanpoko taldeek hartu izan dute parte antolatu dituzten ekitaldietan. Hori hala, Matadeixe botako balute, «izugarrizko hutsunea» egongo litzakeela nabarmendu dute. «Udalak kultura arloan betetzen ez duen jarduera bat betetzen du Matadeixek», adierazi dute Udaletik. «Ekintza interesgarriak antolatzen dituzte».
Goizaldeko «kexak»
Hala ere, Udalaren aldetik, Matadeixek «landu beharreko» kontua duela adierazi du, asteburu gauetan egiten diren ekintzen inguruan hainbat kexa jaso baitituzte. «Goizaldera sortzen diren zaratez gain, zenbaitek txikizioak egiten edota bizilagunak molestatzen dituztela adierazi digu hainbat herritarrek. Badakigu ez dela Matadeixen arazoa, baina herrian eztabaida sortzen ari da. Gainera, etorkizunean etxebizitzak gertuago edukiko dituzte, eta zaratekin kontuago ibili beharko dute». Udala eta Matadeiko kideeak diote arazo hori «herri mailakoa» dela. Halaber, Mataidekoek diote «bizilagunekin ahalik eta harreman onena izaten ahalegintzen» direla. Hori hala, arazo hori euren «ardura» ere badela onartzen dute. Halaber, Matadeixen erabilera ez dela «festara mugatzen» diote, eta «kultur ekintzak eta jarduera sozialak» ere egiten dituztela nabarmendu dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide