Euripean hasi ziren larunbatean, otsailaren 19an, Oriako 17. Jaitsierako aurreneko estropadak. 65 ontzi aritu ziren arraunean, metroak aurrera egiteko, palak uretan sartu, ura atzera bultza eta atereaz.
Lehia estua izan zen Mediterraneoko Llagut ontzien artekoa. Premiak irabazi zuen, Mataróri 38 segundoko aldea aterata. Emakumezkoz osatutako bakarra, Betuló, izan zen hirugarrena eta azkena.
Jubenil eta mistoen artean, Zumaia izan zen azkarrena, Saikolatik Oriora bitarteko 4.000 metroak egiten; 4. izan zen Orioko trainerua baino minutu 1 eta 24 segundo gutxiago behar izan zituzten zumaiarrek. Beteranoen kategorian, berriz, Arkoteko gizonek egin zuten denborarik onena: 15 minutu, 18 segundo eta 84 ehunen.
Emakumezkoek ere norgehiagoka gogorra izan zuten eta Getaria-Tolosak lortu zuen garaipena. San Juanen aurretik, azken hauek baino 14 segundo gutxiago eginda. Oriotarrak izan ziren hirugarren, pasaitarrengandik 8 segundora.
Gizonezko seniorren kategoria nagusiaren txanda etorri zen atzetik. Mapildik aterata, 42 ontzi iritsi ziren banan-banan helmugara. Urdaibaiko bizkaitarrak izan ziren jaun eta jabe, estropada 20 minutu, 14 segundo eta 18 ehuneneko denborarekin eginda. Astillero, Kaiku, Hondarribia, San Juan, Castro, Zumaia eta Orio izan ziren gero, hurrenez hurren.
Orion jai
Eguraldia tarteko, frontoian jarri ziren umeentzako puzgarri eta jolasak. Goizeko nahiz arratsaldeko pintxoak eta sagardoa, aldiz, plazan banatu ziren. 300 sardina pintxo eman ziren goizean eta 400 inguru arratsaldean, ateri zela.