EAJ alderdiak datozen hauteskundeetarako Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Aizarnazabalgo alkategaiak aurkeztu ditu gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin duten ekitaldian. Azpeitian Jesus Larrañaga, Azkoitian Mikel Zubizarretan, Zestoan Joxe Mendizabal eta Aizarnabazalen Itziar Aizpuru izango dira zerrendaburuak. Arduradunek azaldu dute Aizpuru ezin izan dela bertaratu, baina beste alkategai guztiak bertan izan dira, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiarekin,Joseba Egibar GBBren presidentearekin eta Arantxa Tapia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatuarekin batera.
Jeltzaleek adierazi dute "erronka eta proiektu berriak" dituztela, eta "ilusioz" lan egingo dutela. Urola Erdiko proiektuen artean, Larrañaga Azpeitiko EAJko alkategaiak jakinarazi du "errepide moderno eta kalitatezkoa" lortzeko lan egiten jarraituko dutela; besteak beste, Azkoititik Zumarragara edota Azkoititik Azpeitira doazen errepideak jarri ditu adibidetzat.
Mendizabalek, berriz, Zestoako "turismoaren ezaugarriak aldatu" direla-eta, "hostalaritza eta merkataritza indartzeko" asmoa nabarmendu nahi izan du; hori hala, "Urola bailaran motor ekonomiko handitzeko tresna interesgarria" izan daitekeela gaineratu du.
Azkoitiari dagokionez, berriz, Zubizarretak bailarako enpresen garrantzia nabarmendu du. Horretarako, Loiola Berrikuntza Fundazioa jarri du adibidetzat: "Teknologia eta berrikuntza ardatz ditu, eta bi enbor garrantzitsu ditu: pertsonak eta produktuak. Giza baliabideak erakartzeko gaitasuna izan behar du". Horrez gain, "publiko eta pribatuaren arteko elkarlana" azpimarratu du.
Aizarnazabali dagokionez honakoa diote jeltzaleek: "Aizarnazabalen arazorik handiena zerbitzu aldetik izaten da. Hiri handiek dituzten abantaila asko falta zaizkigu oraindik ere, eta gure lasaitasuna eta erosotasuna areagotzeko gure erronkarik nagusiena da bizi kalitatea hobetzea".