Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2006an abiatu zuen dinamikari jarraituz udaletako hizkuntza-politikak neurtu ditu. Lehen neurketa Euskal Herriko 66 herritan egin zuten eta 2010ean bigarrena. Neurketa berri horretan 113 herritako hizkuntza-politikak aztertu dituzte eta Orio bigarren postuan ageri da.
Kontseiluaren sailkapenaren arabera, zazpi puntu eskuratzeak adierazten du euskara lehenesteko udalak egiten duen ahalegina eta muga horretatik gora koka liteke Orioko Udala 10etik 8,77 puntu eskuratu baititu eta Bermeoko Udala baino ez du aurretik 9,32 punturekin. Kontseiluaren sailkapenean bederatzi Udalek lortu dute oso ongi kalifikazioa eta horien artean dago Oriokoa. Muga horretatik gora koka liteke euskara lehenesteko politika sistematikoa eta hori da, hain zuzen ere, Orioko Udalaren kasua.
Orain dela lau urte egindako neurketan lortutako puntuazioa gainditu egin du Oriok, orduan zazpigarren tokian baitzegoen 6,25 punturekin.
Kontseiluak bigarren neurketa honen emaitzak eta ondorioak aurkeztu zituen atzo, otsailaren 17an, Donostian eta adierazi zuen Udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoen egoera hoberen definitzen duen hitza nahaspila dela: Udalen hizkuntza-politiken arteko ezaugarri bateragarririk ez dago. Alderdiek ez dute hizkuntza-politika definiturik; horrek, alderdi berekoak diren bi udalen arteko hizkuntza-politikan 10eko puntuazioaren gainean 7 puntuko aldea egotea ahalbidetzen du. Nahaspila horretan ezagutza tasaren araberako hizkuntza- politikak gauzatzen direla gaineratu zuen: Honek herri mailan normalizazioa erdiesteko ezinbestekoa den udal mailako hizkuntza-politika egokiari oztopoak jartzen dizkio. Izan ere, normalizaziorako hizkuntza-politika eraldatzaileak ezinbestekoak dira.
Bi neurketak alderatuta hainbat aldaketa ikusi ditu Kontseiluak. Herri batzuk aurrera egiten ari dira, herritar batzuek hizkuntza-politika egokiek euskaraz bizitzeko eskaintzen dituzten aukerez gozatzen dute egun. Gure zorionik beroena bide horri ekin dioten udalei, esan zuen aurkezpenean Paul Bilbaok.
Epe laburrean, herriz herriko datuak publiko egingo dituzte Internet bidez eta herrietan hitzaldiak antolatuko dituzte herirko datuen irakurketa zehatzagoa egiteko.