Gaur, 22:15etik aurrera, PilotaTxapelketa Nagusiko bi partida jokatuko dituzte herrian. Lehenbizi Promozio edo bigarren mailakoa, Aspeko Jon Apezetxea eta Cecilio Valgañon, Asegarceko Mikel Olaetxea eta Jon Ander Albisuren aurka. Hori amaitzean hasiko da partida handia: Asegarceko Aimar Olaizola II.a eta Aritz Begino, Aspeko Sebastien Gonzalez eta Aritz Laskurainen aurka. Sarrera 30 euro kostako da.
Ligillako sei partida jokatu dituzte oraingoz, eta sailkapenean lehen postuan dira Olaizola II.a eta Begino. Gonzalez eta Laskurain bosgarren postuan daude.
Apustu ekonomikoa
Zestoako pilotalekuak araudiak eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu ere, aurretik ez da inoiz Zestoan txapelketa nagusiko partidarik jokatu. Azken bi urteetan amabirjinetan partidek izan duten arrakasta ikusita, ordea, festetatik kanpo ere «funtzionatuko lukeen» ikusi nahi du Pilota Taldeak, eta jaialdia antolatzeko apustua egin du.
Apustua izango da, batez ere ekonomikoa. Pilota Taldeko kide Mikel Arregi Ertxin-ek azaldu ditu nondik norakoak: «Aspek prezioa jartzen dio jaialdi bakoitzari eta nahi duenak kontratatu egiten du jaialdi hori». Zama ekonomiko guztia, beraz, kontratatzen duenak hartzen du bere gain. Taberna jarriko dute, eta azpiegiturak eta logistika lanetan Udalak lagunduko du. «Helburua zulorik ez egitea da. Irabaziak egonez gero taldearentzat izango dira, baina galerak baldin badaude, taldeak egin beharko du horien kargu ere», dio Ertxin-ek. Arriskuari aurre egiteko asmoa argia da ordea: «Herritarrei aukera hau eskaini nahi diegu». Partida hau «garrantzitsua» dela onartzen du Ertxin-ek: «Horrelako partidak beti zirkuitoko frontoietan edo frontoi industrialetan jokatzen baitira». ETBk telebistaz emango du gainera partida.
