“2012an helduko diegu berriz ere gai historikoei”

Getariako Hitza 2011ko otsailaren 18a

Memoria historikoaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, hilaren 21etik martxoaren 19ra, eta lehen saioa Getariaren Sustraiak ekimeneko kide Idoia Arrietak eta Aitor Irigoienek eskainiko dute. 2008ko abenduan abiarazi zuten Getariaren Sustraiak egitasmoa, Getariak herri izaera lortu zueneko 800. urtemugak sortutako ika-mikaren ondorioz. Tartean zen Aitor Irigoien (Getaria, 1983). Proiektuaren inguruan arituko da Idoia Arrieta historialariarekin batera, datorren astelehenean, memoria historikoaren lehenengo jardunaldian, Putzuzulon, 19:00etan. Zer izango duzue hizpide asteleheneko solasaldian? Orokorrean, Getariaren Sustraiak egitasmoaren inguruan arituko gara Idoia eta biok. Nik elkartea sortu zeneko testuingurua azalduko diet hurbiltzen direnei, eta Idoiak, berriz, historiari lotutako hainbat datu emango du. Zer dela eta sortu zenuten Getariaren Sustraiak egitasmoa? Getariak herri izaera lortu zueneko 800. urteurrenaren harira sortu zen proiektua. 2009ko abendua zen artean. Gaztelako Erreinuak Getaria herri gisa izendatu zuela-eta, Udala urtemugako ospakizunak prestatzen hasi zen, eta herritar talde bat horren inguruan eztabaidatzeko bildu ginen. Gure ustez, Gaztelak herria konkistatu izana ez zen ospatzeko kontua, ezta kondenatzekoa ere; berrikuspen kritikoa egin behar zen. Zergatik egin behar zen berrikuspen kritikoa? Hainbat ikerketa egin ostean, Getaria 1200. urtea baino lehen sortu zela jakin genuen, eta, beraz, duela 800 urte baino lehenago herria bere horretan bazela ohartu ginen. Askizu aldean egindako indusketa batzuei [...]

Memoria historikoaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Zarauzko Putzuzulo gaztetxean, hilaren 21etik martxoaren 19ra, eta lehen saioa Getariaren Sustraiak ekimeneko kide Idoia Arrietak eta Aitor Irigoienek eskainiko dute.

2008ko abenduan abiarazi zuten Getariaren Sustraiak egitasmoa, Getariak herri izaera lortu zueneko 800. urtemugak sortutako ika-mikaren ondorioz. Tartean zen Aitor Irigoien (Getaria, 1983). Proiektuaren inguruan arituko da Idoia Arrieta historialariarekin batera, datorren astelehenean, memoria historikoaren lehenengo jardunaldian, Putzuzulon, 19:00etan.
Zer izango duzue hizpide asteleheneko solasaldian?
Orokorrean, Getariaren Sustraiak egitasmoaren inguruan arituko gara Idoia eta biok. Nik elkartea sortu zeneko testuingurua azalduko diet hurbiltzen direnei, eta Idoiak, berriz, historiari lotutako hainbat datu emango du.
Zer dela eta sortu zenuten Getariaren Sustraiak egitasmoa?
Getariak herri izaera lortu zueneko 800. urteurrenaren harira sortu zen proiektua. 2009ko abendua zen artean. Gaztelako Erreinuak Getaria herri gisa izendatu zuela-eta, Udala urtemugako ospakizunak prestatzen hasi zen, eta herritar talde bat horren inguruan eztabaidatzeko bildu ginen. Gure ustez, Gaztelak herria konkistatu izana ez zen ospatzeko kontua, ezta kondenatzekoa ere; berrikuspen kritikoa egin behar zen.
Zergatik egin behar zen berrikuspen kritikoa?
Hainbat ikerketa egin ostean, Getaria 1200. urtea baino lehen sortu zela jakin genuen, eta, beraz, duela 800 urte baino lehenago herria bere horretan bazela ohartu ginen. Askizu aldean egindako indusketa batzuei esker, 1160-1180 urteko Nafarroako Erresumako txaponak aurkitu zituzten, garai hartan merkataritza bazela frogatzen zutenak, hain zuzen. 1200. urtean, berriz, Gaztelako Erreinuak berretsi egin zuen herri izaera. Bestalde, Idoia Arrieta, Esteban Garibairen Compendio Historial liburuaren jatorrizko bertsioa aztertu ostean, egileak 1200. urtearen aurretik Nafarroako Erresumak Getariari herri gutuna eman ziola idatzi zuela ohartu zen. Udalari helarazi genion gerora informazioa, eta arrazoia eman zigun.
Behin Udalak zuek esana aitortu ostean, zein izan da elkartearen helburua?
Ekimen ugari antolatu ditugu azken bi urteotan, historiarekin kritiko izateko helburuarekin. Horretarako, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatu izan ditugu. 2009ko abuztua aldera aste tematikoa egin genuen. Ohiko hitzaldiez gain, herritar guztiei zuzenduriko jardunaldiak prestatu genituen, altxorraren bila eta bertso afaria besteak beste.
Urteok nekezak izan dira, batez ere Udalarekin izandako tirabira medio. Hori dela eta, orain atsedenaldia hartzea erabaki dugu. 2012an helduko diegu berriz ere gai historikoei, eta lanketari jarraipena emango diogu.

Egitaraua

Otsailak 21, astelehena. 19:00etan Idoia Arrieta eta Aitor Irigoien Getariaren Sustraiak ekimenaren inguruan arituko dira. Jarraian, Jon Benitok Zarauzko memoria historikoa hitzaldia emango du.

Otsailak 22, asteartea. 19:00etan Iñaki Gil de San Vicentek Memoria historikoaz jardungo du.
Otsailak 23, asteazkena. 19:00etan Antton Gomezek eta Gotzon Garmendiak Euskal Herriko Egiaren Batzordea-ren inguruko hitzaldia eskainiko dute.
Martxoak 19, larunbata. 17:30etan Maquis gerrillako kide Jesus de Cosek Ni bandidos, ni vencidos. La guerrilla antifranquista en Cantabria solasaldia eskainiko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide