Arraunaren aitzakian jai, bihar, Orion

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 18a

Orion Jai lelopean, egun guztirako egiraua antolatu dute biharko. Haurrentzat entretenimendua izango da, tripazorriak asetzeko jatekoa ere bai, eta gustuko duenarentzat Aitzuri abesbatzaren doinu gozoak entzuteko parada ere izango da. Dena den, eguneko hitzordurik garrantzitsuena arraunari dagokiona izango da: 16:00etan hasiko den Oria ibaiko XVII. Traineru Jaitsiera, hain zuzen ere. Guztira, 1.000 arraunlari inguru elkartuko dira biharko hitzorduan, hainbat tokitatik etorritako 66 talde bilduko baitira bertan. Atzoko aurkezpen prentsaurrekoan Orioko Arraun Elkarteko lehendakari Joxe Kruz Espositok zera adierazi zuten: «Arraun taldeetan negua luze joaten da eta estropadak jokatzeko irrika izaten dute arraunlariek. Esan genezake, Orioko hau entrenamendu berezia dela. Bertan, entrenatzaileek datu ugari biltzen dituzte arraunlarien erritmoa eta indarra nola dauden jakiteko». Herriko bost talde lehian Oriok hainbat mailatako bost traineru aurkeztuko ditu bihar, eta A mailakoei dagokienez, laugarren postutik gertu ibiliko direla aurreikusi zuen Espositok. Aurten, barrako kofradia berritik irtengo dute talde gehienek eta ibilbidean ere aldaketatxo bat izan da. Erlojupeko proba denez, lehian ari direnek ibai erditik, markatutako ibilbidetik, joan beharko dute; zain dauden taldeek, berriz, ibai bazterretik joateko aukera izango dute lehen aldiz. 16:000etan hasiko da jaitsiera. Jon Redondo alkatearen hitzetan, egun guztiko plana eskaintzea izan da asmoa, «orain arte oso ondo funtzionatu baitu». Egitaraua 11:00. Haurrentzat tailerrak eta puzgarriak egongo dira plazan, 11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era. 12:00. Sardina erreekin egindako pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da plazan. 16:00. Orioko XVII. Traineru Jaitsiera hasiko da. 18:00. Saiheski errea eta sagardoa dastatzeko aukera izango da plazan. 20:00. Debako Aitzuri abesbatzak kontzertua emango du elizan, Salatxok antolatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide