16:00etan hasiko da 17. Oriako Jaitsiera

Karkara.eus 2011ko otsailaren 17a

65 ontzik hartuko dute parte; horietatik 5 izango dira Oriokoak

Eguerdian bertan emandako prentsaurrekoan Orioko Arraun Elkarteko presidente Joxe Kruz Expositok adierazi duenaren arabera, 16:00etan hasiko da 17. Oriako Jaitsiera larunbatean, otsailar...

65 ontzik hartuko dute parte; horietatik 5 izango dira Oriokoak

Eguerdian bertan emandako prentsaurrekoan Orioko Arraun Elkarteko presidente Joxe Kruz Expositok adierazi duenaren arabera, 16:00etan hasiko da 17. Oriako Jaitsiera larunbatean, otsailaren 19an. Herrian jarrita dauden karteletan 15:00etan jartzen du, hori zelako hasieran egindako aurreikuspena, baina izena eman duten ontzi kopuruak –65– erabaki du lauretan hastea. Llagut motako hiru ontziek jokatuko dute lehen estropada, Saikolatik Orioko zubi pareraino: emakumezkoz osatutako izango da horietako bat –Betuló– eta gizon eta emakumez osatutakoak beste biak –Mataró eta Premia–.

Bost minutuko atsedenaldiaren ondoren, traineruen txanda izango da gero. Jubenil eta beterano kategoriakoak abiatuko dira aurrena, eta senior kategoriako neskak gero. Gazteen eta beteranoen artean denetarik izango da: neska-mutilak ontzi berean, kategoria ezberdinetakoak traineru berean… Ontzi bat aurkeztuko du Oriok kategoria honetan. Emakumezko traineruen artean 5 ontzi lehiatuko dira: tartean Orio. 4.000 metro egin beharko dituzte denek.

Hortik aurrerako guztiek 6.000 metro egingo dituzte, Mapildik Oriora. Senior kategoriako mutilak izango dira arraunlari guztiak eta 4 taldetan banatuta aterako dira: talde berrienek osatuko dute aurrenekoa, 16:20an hasiko dena. Lehenengo aldiz hartuko du parte, Fuerteventurako Xon's R Empuriabrava taldeak. Prentsaurrekoan Orioko Arraunketa Taldeko Joxe Mari Olasagastik adierazi duenez, duela gutxi hasi dira kanariarrak hemendik eramandako traineru zahar batekin lanean eta Oriako Jaitsieran parte hartzeko irrikitan daude. Oriok ere aurkeztuko du trainerua kategoria honetan.

KAEko 2 multzoren txanda izango da atzetik: KAE 2koak aurrena eta KAE1ekoak gero. 12na traineru izango dira txanda bakoitzean. Azkenekoan hartuko du parte Orio Bk.

TKE Ligako traineruek itxiko dute proba. Zumaiak hasiko du eta Oriok bukatu. Denera hortaz, Orioko 5 ontzi izango dira lehian.

Berrikuntzen artean, ontziak gora eta behera ibiltzeko bi errai izango balira banatuko dute estropada eremua; lehiaketarako bat eta irteera lekura joan-etorrian ibiltzeko bestea. Orain arte, aurreneko ontzia atera aurretik irteera gunetik gora ibili behar zuten, estropada jokatzen ari zirenak ez oztopatzeko.

Orion Jai

Estropadaz gain egun osoko festa eguna ere aurkeztu du Jon Redondo alkateak prentsaurrekoan: haurrentzako tailerrak izango dira goiz eta arratsaldez –11:00etatik 13:30era eta 16:30etik 19:30era– Herriko Plazan. 12:00etan, berriz, 500 pintxo sardina banatuko dira, sagardoarekin batera. Plazan izango da hori ere. Arratsaldean, 18:00etan, beste horrenbeste txerri-saiheski pintxo banatuko dira. Eta iluntzean, 20:00etan, Debako Aitzuri abesbatzaren kontzertua izango da Orioko parrokian, Salatxo abesbatzak antolatuta.

Eguraldi txarra eginez gero, plazako ekitaldiak frontoira pasako direla ere jakinarazi du Redondok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide