Maria Garrastazu .Zurekin elkarteko presidentea
Zurekin elkartea duela gutxi sortu duten arren, «martxa bizian» da. Hala dio Maria Garrastazu (Zarautz, 1963) ostalarien elkarteko lehendakariak. Pasa den udan elkartea aurrera ateratzeko baimenak eta tramitazioa bideratu bazituzten ere, abenduan izan zuen lehenengo «jauzia». Gabonen bueltarako «elkarteko bazkide guztien aportazioei esker» zozketa egin zuten bezeroen artean, eta opari garrantzitsuak banatu. Duela hilabete inguru, berriz, Sagardo Eguna egin zuten, eta herritar zein bisitari ugari erakarri zituzten. «Orain arteko lanarekin gustura» daudela jakinarazi du Garrastazuk, baina «beti hobetu» daitekeela gogoratu. Asmo horri eutsiz, datozen hilabeteetarako antolatu dituzten ekitaldien inguruan aritu zarauztarra.
Zurekin elkartea duela hilabete eskas sortu baduzue ere, ekimen ugari antolatu dituzue. Larunbatean, esaterako, Ken Zazpiren kontzertua izango da polikiroldegian.
Bai. Uda aldera sortu genuen legez. Abuztuan-edo lortu genituen elkartea sortzeko baimenak eta horretarako tramite guztiak amaitu genituen. Gabonen bueltan hasi ginen gogoz, ordea. Ken Zazpiren kontzertuarekin emango dugu saltoa . Zarautzi bultzada emateko aukera paregabea izango dela deritzogu. Izan ere, Euskal Herrian zein atzerrian izen handia duen taldea da. Askotan entzun ohi dugu herrian ez dela ezer antolatzen, ezer gutxi dagoela egiteko. Gu hori aldatzeko asmoz gatoz. Zarautzen mugimendua sortu nahi dugu, herria animatzea da gure helburua, eta ondorioz, bisitari gehiago erakartzea.
Aurrez beste hainbat ekimen ere egin duzue, ezta?
Antolatu genuen lehenengo ekimena Gabonetako zozketa izan zen. Elkarteko bazkide bakoitzak egindako ekarpenei esker, hainbat otar osatu genituen, eta bazkideen artean zozkatu, abenduaren 31eko San Silbestre lasterketaren baitan. Guztira, hiru produktu-sorta bete-bete banatu genituen. Sorta bakoitza gosariek, mokadutxoek eta ardo botilek osatzen zuten, besteak beste.
Gerora, Zarauzko Ikurriña Mus Txapelketa ere antolatu dugu. Urtarrilaren 13an ekin zion txapelketak eta apirila bitartera luzatuko da. Bikote bakoitzak 30 euro ordainduta, ostegunero, 20:45etatik aurrera, herriko tabernetan jokatzen ari dira partidak .Sari ugari banatuko ditugu; lehenengo sailkatzen den bikoteak, esaterako, 6.000 euro jasoko du.
Pasa den urtarrilaren 22an, berriz, Sagardo Eguna ospatu genuen. Sagardo uzta berriaren harira, dastaketak, sagardotegiko menua eta barrikoteak antolatu genituen herriko hainbat plazatan eta auzotan; trikitilariek, bertsolariek eta txistulariek girotuta, uneoro. Telesforo jatetxeko Begoña Astiazaran omendu genuen, erretiroa hartzekoa zelako. Oso ongi atera zen eguna. Astiazaran bera ere oso gustura agertu zen egin genion omenaldiarekin.
Zein balorazio egin duzue ekitaldion inguruan?
Egia esan oso gustura gaude bazkide guztiok.Sagardo Egunak, esaterako, emaitza ona izan zuen. Jende ugari gerturatu zen herrira, eta ostalariok gustura hartu genituen. Zaila izaten da ekimenak herri osoan zehar banatzea, eta horren harira, kexu batzuk izan dira elkarteko kideen artean. Hasi besterik ez gara egin, eta irekita gaude ideietara. Gauzak antolatzeko gogoa dugu, baina ekarpenak ongietorriak izango dira beti, hobetze aldera.
Zeintzuk dira zuen asmoak aurrera begira? Zein ekitaldi antolatuko dituzue?
Datorren astean Ardo Astea antolatuko dugu. Astelehenetik larunbatera bitartean, Errioxako hainbat upategitako kriantza ardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek. Asteazkenean, gainera, promozio berria jarriko dugu martxan bazkide diren tabernetan. Lehenengo aldiz pintxoa eta ardo kopa edota garagardoa 1,5 euroren truke emango diegu bezeroei. Girotze aldera, gainera, bertsolariak eta trikitilariak tabernaz taberna ariko dira.
Bestalde, antzezlanak eta kontzertuak antolatu nahi ditugu, baina oraindik zehazteke dugu hori. Apirilaren 2an Vaya Semanita antzezlana izango da Aritzbatalde pilotalekuan. Maiatza aldera, aldiz, jaialdi handia prestatu nahi dugu, eta inguruko taldeek, nazionalek eta atzerritarrek jotzea espero dugu bertan.
Horretaz gain, inhauteriei begira, mozorro lehiaketa egingo dugu, herritarren zein bazkideen artean. Establezimendua ondoen hornitzen duenak saria jasoko du, baita mozorro dibertigarriena daramaten herritarrek ere. Horiek 300 euro jasoko dute.
Aurrera begira, hotelei bultzada ematearren, biltzarrak edo kongresuak antolatzea ere pentsatu dugu. Hala, bertaratzen den jendeak ostatu hartuko luke herrian. Hainbat gauza egiteko gogoa dugu, baina ez da erraza. Izan ere, lan bolondresa da egiten duguna, eta baliabide urriak ditugu. Zenbat bazkide zarete Zurekin elkartean?
Oraingoz 90 bazkide gara, baina apurka-apurka gehitzen doa kide kopurua. Zurekin elkarteko bazkide izan nahi duenak Turismo Bulegoan jakinarazi beharko du, eta urteko 30 euro ordaindu.
EGITARAUA
Ardo astea
-Otsailak 21, astelehena. 18:00etan Azpi Enea jatetxean ardo dastaketa egingo dute Zurekin elkarteko bazkideek. Errioxako Corcel eta Bujanda upategietako kriantza ardoa dastatuko dute.
-Otsailak 22, asteartea. Gonbidata duten bezeroek dastatuko dute upategietako kriantza ardoa, 19:00etatik aurrera
Merkatu Plazako bigarren solairuan.
-Otsailak 23, asteazkena. Lehenengo aldiz pintxoa eta ardo kopa edota garagardoa 1,5 euroren truke eskainiko dute elkarteko 32 establezimenduetan . Ekimena martxan jarriko dutela ospatzeko, trikitilariak eta bertsolariak izango dira tabernaz taberna.
-Otsailak 24, osteguna. Ohiko mus txapelketa jokatuko dute tabernatan.
-Otsailak 26, larunbata. Ardoaren Eguna. 12:00etan Lege Zaharren Enparantzan Errioxako hamar upategietako ardoa dastatu ahal izango dute herritarrak. Bost euroren truke, bakoitzak kopa bat, bost ardo eta saiheski mokadutxoa eskuratuko du. Era berean, hainbat jatetxetan Errioxako menu tipikoa eskainiko dute (patatak errioxar erara, arkume saiheskia eta gazta tarta), 20 euroren truke.