Pedro Muñoz (Azkoitia, 1973) Xeye Atletismo Taldeko kidea da. Ibilbide luzea du korrikalari bezala. Azken hogei urteetan hainbat trofeo irabazi eta gero, orain Gipuzkoako txapelduna da. Izan ere, duela bi aste Lasarteko Nazioarteko Txapelketan hamaikagarren egin zuen, eta Gipuzkoa mailan lehenengo egin zuen.
Nola joan da denboraldia?
Joan zen urteko irailean indartsu sentitzen nintzen. Elgoibarko lasterketa irabazi nuen orduan. Lasterketa hori irabazi eta gero Burgosen eta Sorian (Espainia) lehiatu nahi nuen, baina gaixotu egin nintzen, eta hiru astez entrenatu gabe egon nintzen. Arrateko krosean eta Azpeitiko San Silvestren postu onak lortu eta gero, berriro indartsu sentitzen hasi nintzen. Euskadiko Txapelketan zortzigarren gelditu nintzen. Azkenik, Gipuzkoako Txapelketan lehen postu lortu nuen.
Zer moduz joan zen Lasarteko txapelketa?
Nazioarteko txapelketa izanik, atzerriko pertsona askok hartu zuten parte bertan. Gipuzkoako korrikalariak ziren nire kezka nagusia, Gipuzkoako txapeldun izatea baitzen nire helburua. Iaz, Eñaut Intxaustik irabazi zuen txapelketa, eta pertsona hori kontrolatu behar nuen uneoro. Asko arriskatu nuen, eta azkenean ondo irten zaitzaidan.
Estrategia asko al dago, orduan?
Krosa estrategia hutsa da, hori da erakargarriena. Norberarenak ez ezik, besteenak ere kontrolatu behar dira. Halaber, krosa dagoen txapelketarik gogorrena da; lokatz artean korrika egin behar da, edota izugarrizko maldan.
Zer esanahi du zuretzat garaipenak?
Ez nuen espero irabaziko nuenik. Hainbat aldiz gaixotu naiz, eta ez nuen uste hain emaitza ona lortuko nuenik.
Gustura al zaude egin duzun denboraldiarekin?
Ezustekoa izan da. Ez nuen uste hain indartsu amaituko nuenik.
Noiz hasi zinen atletismoan?
Duela hogei urte baino gehiago. Ikastetxeko taldean hasi nintzen, eta ondoren Azpeitiko Iraurgi taldera pasatu nintzen. Distantzia motzak egiten nituen hasieran, eta denborak aurrera egin ahala distantzia luzeagoak egiten nituen. Orduan, krosetan lehiatzeari ekin nion. Ez dut izan entrenatzailerik, neu naiz nire entrenatzailea.
Orain korrikalariak entrenatzen dituzu, ezta?
Bai, Xeye atletismo elkarteko korrikalari talde bat entrenatzen dut. Atzetik datozen gazte horiek irabazten didatenean erretiratuko naiz.
Harrobi ona al dago?
Atletismoa beheraka doa. Oso gogorra da, eta gazte askok futbolera edo saskibaloira jotzen dute. Azkoitia eta Azpeitia inguruan, ordea, herri gutxitan dagoen talde polita dugu. Egun, maila erdia duten korrikalari asko dago; joera goraka doa. Baina goi mailako korrikalariak falta dira. Atletismoak ez du jasotzen ia laguntzarik, eta jendea urteen poderioz aspertu egiten da.
Asko entrenatzen al duzu?
Astean sei egunean entrenatzen dut. Krosetan ibili nahi badut, hala entrenatu behar dudala uste dut. Maratoi erdia eta maratoi oso bat egin nahiko banu gehiago jardun beharko nuke.
Zer motatako txapelketatan sentitzen zara erosoen?
Krosetan. Hori da gehien erakartzen nauena. Izan ere, entrenamendu zorrotzik egin gabe horrelako txapelketetan emaitza onak lor ditzaket.
Zer erronka duzu orain?
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egiteko ari naiz prestatzen. Orain arte ez dut horrenbeste prestatu, baina marka ona lortu nahi
dut, eta momentu honetan hori prestatzen ari naiz. Gero, entrenatzen jarraituko dut, eta herri lasterketetan parte hartuko dudala pentsatzen dut. Donostiako maratoian parte hartzea da dudan helburua epe luzera, baina horretarako asko prestatu beharko nuke. Gainera, maratoietan parte hartzeko kros batzuk alde batera utzi beharko nituzke, eta bien artean aukeratu beharko nuke.