Bidezko merkataritzaren ideia eta produktuak herritarrei gerturatzeko asmoz dokumental emanaldia antolatu dute gai horren inguruan lanean diharduten hainbat boluntariok. Ohiko merkataritzaren alternatiba da bidezko merkataritza, batik bat hegoaldekoak diren produktuak iparraldeko merkatuetara eraman nahi dituena, pertsonak eta ingurumena errespetatuz, bitartekariak kenduz eta trukerako bidezko harremanak sustatuz. Honen bidez orekatu nahi dira herrialde aberatsen eta pobreen merkataritza balantzak.
Produktu bat bidezko merkataritzakoa izan dadin hainbat baldintza bete behar ditu: soldata eta lan baldintza duinak; epe luzerako merkataritza harremana; ekoizleek lortutako dirua beren komunitateetako beharrak asetzeko erabiltzea; haurren esplotazioa ez onartzea; emakume eta gizonen arteko berdintasuna; guztien parte hartzea; eta ingurumenarekiko errespetua.
Oro negro da, hain zuzen ere, otsailaren 18an, 19:00etan, Orioko kultur etxean emango duten dokumentala. Bidezko merkataritzako urre beltza du hizpide, kafea, alegia. Etiopian 15 milioi lagun bizi da kafe ekoizpenaren mende eta nekazariak benetan harritzen dira herrialde aberatsetan kafe bat hartzeko zenbat ordaintzen dugun jakinda. Gure kafearen prezioa gora eta beraiei ordaintzen dieten kopurua behera, beraz, norbait nekazari horiei dagokien dirua jasotzen ari den seinale. Dokumental honetako protagonistak, Etiopiako kafe ekoizle kooperatiba bateko buruak munduan barrena egindako bidaia azalduko du; bertan, saiatuko da erosleak konbentzitzen, esanaz ez dagoela kafe onarekin prestatutako kafe kikara bat baino goxoagorik; kafe on hori bidezko merkataritzako kafea da, noski.
Lantaldean ari direnek ere hori erakutsi nahi diete oriotarrei; ohiko merkatutik harago badagoela produktu jakin batzuk erosiz beste herrialde batzuei pixka bat bada ere laguntzeko aukera.