Herriarekiko zestoarren gogobetetze maila 6,73koa da

Zestoako Hitza 2011ko otsailaren 15a

Zestoako Udal Gobernuak herritarrek hainbat arlotan duten gogobetzetze maila ezagutu nahi izan du. Horretarako, bi egitasmo burutu ditu azken hilabeteetan, Kudeatuz programaren baitan: Gizaker inkesta enpresak egindako galdeketa, eta udalerriko kirol jardueren eskaintza eta eskariaren inguruko hausnarketa egiteko parte-hartze prozesua. Horien emaitzen balorazioa egin berri du udal gobernuak eta, inolaz ere, lanak «merezi izan» duela adierazi dute. Galdeketak Zestoan bizi diren 474 laguni egin dizkiete. Horietatik 323 euskaraz egin dituzte, eta 151 gaztelaniaz. Gizakerrek kalkulatu duen fidagarritasun maila %95ekoa da, eta zorizko lagina sexuaren eta adinaren arabera ezarri dute. Orokorrean herritarren gogobetze maila hamarretik 6,73 puntukoa da. Herritarren %52,3k udalerriaren bilakaera hobera joan dela uste dute, eta %58,3k bizi kalitateak ere hobera egin duela. Ehuneko handi batek, ordea, bi kasuetan egoera berdintsu dagoela uste du. Herritarretatik %55,1ek, bestalde, Zestoa aukeratuko lukete bizilekutzat. Inguruko udalerrietako bataz bestekoa baino baxuagoa da tasa hori. Dena den, gazteek herrian gelditzeko gogoa erakutsi dute eta, beraz, ez dagoela «despopulatze arazorik» ondorioztatu. Herritarren arazo nagusiak Inkestatuetatik %21,6entzat herritarrek jasan behar duten arazo larriena lan falta da. Horren atzetik, aparkaleku falta (%13,7), etxebizitza falta (%4,4), umeentzako aisialdi eskaintza falta (%4,2), garraio azpiegitura egoki falta (%4,2), edo igerilekurik ez egotea (%4,0) dira zestoarrentzat arazo handienak. Merkataritza eskasia (%3,6), [...]

Zestoako Udal Gobernuak herritarrek hainbat arlotan duten gogobetzetze maila ezagutu nahi izan du. Horretarako, bi egitasmo burutu ditu azken hilabeteetan, Kudeatuz programaren baitan: Gizaker inkesta enpresak egindako galdeketa, eta udalerriko kirol jardueren eskaintza eta eskariaren inguruko hausnarketa egiteko parte-hartze prozesua. Horien emaitzen balorazioa egin berri du udal gobernuak eta, inolaz ere, lanak «merezi izan» duela adierazi dute.
Galdeketak Zestoan bizi diren 474 laguni egin dizkiete. Horietatik 323 euskaraz egin dituzte, eta 151 gaztelaniaz. Gizakerrek kalkulatu duen fidagarritasun maila %95ekoa da, eta zorizko lagina sexuaren eta adinaren arabera ezarri dute.
Orokorrean herritarren gogobetze maila hamarretik 6,73 puntukoa da. Herritarren %52,3k udalerriaren bilakaera hobera joan dela uste dute, eta %58,3k bizi kalitateak ere hobera egin duela. Ehuneko handi batek, ordea, bi kasuetan egoera berdintsu dagoela uste du.
Herritarretatik %55,1ek, bestalde, Zestoa aukeratuko lukete bizilekutzat. Inguruko udalerrietako bataz bestekoa baino baxuagoa da tasa hori. Dena den, gazteek herrian gelditzeko gogoa erakutsi dute eta, beraz, ez dagoela «despopulatze arazorik» ondorioztatu.
Herritarren arazo nagusiak
Inkestatuetatik %21,6entzat herritarrek jasan behar duten arazo larriena lan falta da. Horren atzetik, aparkaleku falta (%13,7), etxebizitza falta (%4,4), umeentzako aisialdi eskaintza falta (%4,2), garraio azpiegitura egoki falta (%4,2), edo igerilekurik ez egotea (%4,0) dira zestoarrentzat arazo handienak. Merkataritza eskasia (%3,6), gazteentzako aisia eskaintza gutxi egotea (%3,6) eta trafikoarena (%2,7) ere arazo dira herritarrentzat.
Udal kudeatzaileen nota: 6,16
Egungo udal kudeatzaileek hamarren gaineko 6,16ko puntuazioa lortu dute galdeketan. Gipuzkoako udalerrietako emaitzen bataz bestekoa, 5,93koa da.
Udalak «ondo» egin dituenen artean, kale berriak (%6,5) egin izana, Ekainberri proiektua (%5,7), lurpeko pasabidea (%3,8), etxebizitzak ((%3,2) edo kultur etxea (%2,1) aipatu dituzte.
«Gaizki» egindakoen artean edo balorazio txarrena jaso dutenen artean, berriz, Iraetako futbol zelaia (%5,7), garbiketa txarra (%1,7), Laranjadi plaza (%2,5) edo parkeen egoera txarra (%1,9) nabarmendu dituzte. Hala ere, bi galdera horiei dagokienez, galdetuen erdiak baino gehiagok ez du jakin zer erantzun.
Bataz besteko orokorraren gainetik gelditu da Udaleko funtzionarioen tratua. Galdetuen % 75,3k uste dute eskaintzen duten arreta egokia dela (bataz bestekoa %72,8koa da Gipuzkoan). Udalak zergak biltzeko lanari ere 10etik 5,98 puntu eman diote, eta bataz bestekoa 5,84 da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide