Euskal Herriko lehen olatu artifiziala aurkeztu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Bertan izan ziren Kiroletako foru diputatu Iñaki Galdos eta Wavegarden teknologiaren fundatzaile eta zuzendari Jose Mari Odriozola eta kudeatzaile Igor Barandiaran.
Instant Sport S.L. ingeniaritza enpresak sortutako wavegarden teknologiaz baliatuta, 1 eta 1,6 metro inguruko «itsasokoen gisako olatu perfektua» altxarazten duen gailua asmatu eta patentatu dute. Hiru eta sei milioi euro arteko kostua izango du azpiegiturak, eta Aldundiaren laguntza jaso dute enpresako kideek hura finantzatu ahal izateko.
Prototipoa, Aizarnazabalen
Jakinarazi dutenez, Aldundia eta Instant Sport S.L. enpresa 2005etik ari dira olatu artifizialaren inguruan elkarlanean. Duela gutxi patentatu dute uhin artifizialak sorrarazteko gailua, eta Aizarnazabalen ezarri dute prototipoa. Hala, ibaitik datorren uraz baliatuta, aldioro luzera eta neurri bereko olatua altxarazten du teknologia bereziak, eta «surfa praktikatzeko baldintza egokiak aurkitu ditzake surflariak».
Aranbururen laguntza
Besteak beste, Aritz Aranburu surflari zarauztarrak probatu du olatu artifiziala, eta hobetzen lagundu. Azpiegitura Zarautzen jartzeko interesa agertu dute sortzaileek. Surflari zarauztarraren arabera, «Zarautz leku aproposa izango litzateke halako azpiegitura bat jartzeko». «Mundu guztian dagoen surf kantxa artifizialik onena eta errealitateaz gertuen dagoena izango da. Ohore handia litzateke Zarautzek honelako azpiegitura edukitzea. Itsasoan ditugun olatuei horrelako kantxa bat gehituz gero, Zarautz kirol honetaz eta itsasoko beste kirol guztiez gozatzeko gune egokia bilakatuko litzateke».
Era berean, «entrenatzeko zein ongi pasatzeko» toki irekia izango dela gehitu du Aranburuk: «Surflari profesionalek zein hasi berriek gozatu ahalko dute olatu artifizialaz». Surfaz gain, uretako beste kirolak praktikatu ahalko dira azpiegitura berritzailean.
Kalitatezko olatuak
Aranburuz gain, beste hainbat surflari trebatu da bertan, Ion Eizagirre, Indar Unanue, Iulen Elkoro, Alex Iriondo eta Bobby Martinez, esaterako. Izan ere, euren abilezia hobetze aldera, surflari profesionalentzat «tresna baliagarria» izango da uhina: askotariko surf teknikatan trebatzeko ekipamendu paregabeak dituela jakinarazi dute, eta, teknologia berriei esker, kalitatezko olatuez gozatzeko aukera izango dute uneoro.
Olatu artifiziala «itsasoko uhinen gisara» sortu dute: «Olatu artifizialak itsasoko uhinak bezala jokatzen du: garbi sortzen da, eta hodi formara lehertu». Hodi forma, gainera, hasieratik bukaeraraino mantentzen da, eta horrek kalitatea gehitzen dio uhinari.
Ildo horretatik, edozein luzeretara eta ibilbidetara egokitzen dela jakinarazi dute. Era berean, olatuaren indarra molda daitekeela azaldu dute. Hori dela eta, maila guztietako surflariak trebatzeko modukoa izango da.