Orioko arraunlariak gogotsu ibili ziren aste bukaeran etxeko uretan. Larunbatean, otsailaren 12an, Zarauzko Arraun Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Batel Ligako laugarren jardunaldia izan zen jokoan. Senior mailan aurreko hiru jardunaldietan irabazle izandako Sanpedrotarrek huts egin zuten eta etxean lehenengo izan ziren oriotarrengandik (09:05,90) lau segundora (09:09,99) bukatu zuten proba.
Jubenil mailako neskak zazpigarren izan ziren eta Hibaikak irabazi zuen beren mailan; infantil mutilek, hauek ere Hibaikaren atzetik, bigarren egin zuten; kadete mutiletan Orioko bi talde atera ziren eta Orio A bederatzigarren izan zen eta Orio B hamaseigarren; eta azkenik, jubenil mailako neskak bosgarren.
Igandean, Orioko Arraun Elkarteak antolatuta, Aulki Mugikorreko Ligak hartu zuen lekua herriko uretan, hemen ere laugarren jardunaldia jokoan. Goiz guztian barrena egon zen arraunlariak lanean ikusteko aukera. Infantiletan bikoan laugarren izan ziren mutilak eta laukoan mutilak bigarren eta seigarren eta neskak lehenengo. Kadete mailan bikoan seigarren tokian bukatu zuten mutilek, laukoan bigarren eta neskek bikoan lehenengo. Jubenil mutiletan laukoa bigarren izan zen eta bakarkakoa laugarren; kadete nesketan bikoa bigarren; eta azkenik zortzikoak, bai jubenilena eta baita maila absolutukoa lehenengo izan ziren.
Herritik kanpoko uretan ere ibili ziren asteburuan Orioko arraunlariak. Hondarribiko XI. jaitsiera izan zen eta guztira 35 ontzik hartu zuten parte. Orioko emakumeak hirugarren izan ziren beren mailan Getaria-Tolosa eta San Juanen atzetik; gizonezkoak senior mailan zortzigarren eta 22. postuan iritsi ziren helmugara.
Bestalde, Oriaren XVII. jaitsiera izango da hurrengo larunbatean, otsailaren 19an, 15:30ean. 65era iritsia da parte hartuko duten ontzien kopurua eta azpimarratzekoa da, esaterako, traineru mundua ezagutu asmoz Fuerteventuratik etorriko den CR Herbania arraun elkarteak egingo duen ahalegina.