Politika berriak eskatu dizkiete euskal hedabide ez publikoek erakundeei

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 15a

Euskarazko hedabide ez publikoetako dozenaka ordezkari bildu dira  gaur eguerdian Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, agerraldi bateratua egiteko. Familia argazkia ateratzearekin batera, sektorearen estrategikotasuna nabarmendu eta, hori kontuan hartuta, laguntza eta publizitate bidez neurriko erantzuna emateko eskatu diete tokian tokiko administrazio eta instituzioei. Bertan izan da eskualdeko ordezkaritza ere, tartean, Urola Kostako Hitza. Ehundik gora hedabidetan, 620 langilek baino gehiagok dihardute lanean. Guztien artean 270.000 eurotik gorako aurrekontua dute. Diru kopuru handia baliatzeaz gain, sortu ere egiten dute: zerga eta gizarte segurantza bidez, zuzenean zazpi milioi euro inguru sortu eta ordaintzen dituztela kalkulatu dute. Era berean, bestelako aberastasuna ere sortzen dute gizartean: arlo ekonomikoari dagokionean, lanpostuak sortzen dituzte, informazio eskubidea asetzeko bidea dira, baita hizkuntza normalizatzeko eragile nagusienetakoak ere. Tamainako erantzuna Dena den, «erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian», adierazi du Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek, sektoreko guztien izenean. « Horren ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena egure egunerokoaren erdigunean kokatu da». Era berean, instituzioek sektoreari euskara eta euskal kultura sustatzeko zereginean duen estrategikotasuna «aspaldi aitortu» diotela gogorarazi du Mendizabalek. «Garrantzia hori behin eta berriz berretsi da administrazio eta foro anitzetan, baina aitortzak ez dira nahikoak. Tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek». Horren aurrean, sektoreak bateratuta egin duen hausnarketaren ondorioz, sakondu beharreko bi gai identifikatu dituzte: diru-laguntzak eta publizitate instituzionala. Lehenengoari dagokionez, laguntza handiagoak eskatzeaz gain, kopurutan egonkortasuna eta prozedura eta ebazpenetan azkartasuna galdegin dute. Bigarrengoari dagokionean, berriz, politika aldaketa eskatu dute: «Agerikoa da instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen». CIESen 2007ko abenduko datuen arabera, euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen dira; euskaldunen %57 da euskarazko hedabideen jarraitzaile. «Publizitate instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da». Atzoko agerraldiaren eta otsailaren 1eko editorial bateratuaren bidetik, sektoreak aurrerantzean ere elkarrekin aritzea erabaki du. Hala, hurrengo asteetan instituzio eta alderdi politikoetako ordezkariekin biltzeko plana dute. «Jakin badakigu udal eta foru hauteskundeen atarian gaudela, eta garai egokia dela alderdiek etorkizunera begirako gogoeta egin eta konpromiso zehatzak har ditzaten», adierazi dute. Harremanei buruzko balorazioa eta aurrera begirako urratsak azaltzeko ere, agerraldia egingo dute laster.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide