Berdelaren aurtengo arrantzaldia bihar hasiko da ofizialki eta Europako Batasunak arrantzako kuota jaitsi izana da hizpide nagusia arrantzaleen artean. Jaitsieraren ondorioz, ontzi bakoitzak eguneko 8.000 kilo berdel harrapatu ahal izango du gehienez eta iazko 18.000 kiloekin alderatuta beherakada handiegia dela salatu dute arrantzaleek. Kostuei aurre egiteko gakoa, beti bezala, salmentara iristen denean arrainak lortzen duen prezioa izango da.
Gaur arratsaldeko 18:00etarako daukate jarrita irteera ordua arrantzaleek. Getariako portutik 21 ontzik irtengo dute: Getariakoak 14 eta Oriokoak 7. Dena den, eguraldi aurreikuspenek ez dute albiste onik eman itsasorako eta baliteke gaur portuan gelditu behar izatea.