Espainiako Auzitegi Nazionalak «terrorismoa goratzea» leporatu dio Arrano Kultur Elkarteari. Hori dela eta, Azpeitiko Auzitegian deklaratzera deitu dituzte batzordekideak martxoaren 17rako. Hori salatzeko agerraldia egin zuten pasa den ostiralean hainbat herritarrek. Bestalde, gazte bati «koakzioagatik eta isekengatik» salaketa jarri diotela jakinarazi zuten. «San Pelaiotan, duela bi urte, herrian zehar agertu ziren esku-paperren harira dator. Ez da kasualitatea salaketa Gurekin Jai batzordeko txosnaguneko arduradunari iristea», nabarmendu zuen Garazi Osak.
«Estatuek ondo marraztutatko estrategia errepresiboa da, helburua argia duena», gehitu zuen: «Gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko euskal endartearen nahia, besteak beste , gerra zikinaren, atxiloketen, torturaren eta ilegalizazioaren bidez zapuztu nahi dute».
Lanean segitzeko borondatea
Horren aurrean, «lanean jarraituko» dutela adierazi zuten agerraldia egin zuten herritarrek: «Jakin dezatela ez dugula atzera pausurik emango. Euskal Herriak askatasuna behar du eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu, errepresioaren gainetik prozesu demokratikoa garatzeko borondate osoz».
Hori dela eta, «kalera irteteko garaia» dela azaldu zuten: «Denon esku dago. Estatu frantses eta espainiarrari herri harresi sendo baten bidez aurre egiteko garaia da».
Beste hainbat «jazarpen»
Horretaz gain, azken boladan Zarautzen jazo diren gertakizunak ekarri zituzten gogora: « Lehenik, Itxaso Urteaga eta Iraitz Gesalaga Tximas atxilotu zituzten.Itxasok lau egunoeko inkomunikazio aldian tortura psikologikoak jasan zituen; Tximasen aurkako euroagindua eta entrega ere hortxe ditugu».
«Bestetik, Labiren eta Xaporraren aurkako epaiaren berri izan dugu aste honetan bertan. Garbi dago herri honetan lekuko anonimo baten akusazio faltsua nahikoa dela espetxeratua izateko. Aski da salaketa faltsuen inpunitateari! Honen aurrean non da Udala?» galdetu zuten herritarrek.