Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Olatz Prat Errezil
Atzo gaualdera jendetza bildu zen Errezilen Maritxu Uzkudun preso herritarra omentzeko asmoz. Pasa den asteazkenean, otsailak 9, 20 urte bete ziren Uzkudun espetxeratu zutenetik eta herritarren artean "fisikoki" egon ez arren, hari gertutasuna erakutsi nahi izan zioten. Txalaparta eta Joan Joxe Eizmendi Loidisaletxeren bertsoak izan ziren lehenik. Ondoren, 20 urteko errepasoa egin zuten musika, irudi eta hitzekin. Maritxuk idatzitako olerki bat eta omenaldia eskertuz espetxetik idatzitako gutuna ere irakurri zituzten. Batzuek zein besteek esan edo irakurri zituzten hitzetan ugari izan ziren "garai berriarekiko" aipuak eta konponbiderako itxaropen hitzak. Pixkanaka oholtza atzean Maritxuren irudia eta 'maite zaitugu' zioen argazkia estaltzen zituzten zatiak kentzen joan ziren denak eta presoaren amak kendu zuen, hunkiturik, azken estalkia. Aurreskua egin zioten herriko dantzariek ondoren eta horren ostean afaria izan zen frontoian.
2006. urtean behar zuen Uzkudunek kalean, orduan bete baitzituen ezarri zizkioten zigorraren hiru laurdenak. 2009ko abuztuan bete zuen zigor osoa, baina Parot doktrina deritzon neurria aplikatu zioten orduan, eta zigorra 30 urtera igo. Atxilotu zutenetik Yeseriasen, Carabanchelen, Alcala Mecon, Almerian, Martutenen, Soto del Realen eta Granadan izandakoa da Uzkudun. Granadan dute gaur egun, etxetik 900 kilometrora.
Gaur dokumentala, bihar mendira
Gaur gaualdera mokadutxoa eta Debekatuta oroitzea dokumentala eskainiko dituzte, memoria historikoa errekuperatzeko ahaleginean, Josu Martinez eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala. Saturrarango kartzelako emakumeen egoera agertzen du, bertan izan ziren emakumeen lekukotasunak jaso eta zabaltzen ditu lan honek.
Bihar, berriz, mendi martxa egingo dute goiz-goizetik, herrigunetik atera eta Maritxu Uzkudunen jaiotetxean amaituko dena.