Iraurgi Lantzenek Urola Erdiko saltokiei Kalitate Turistikoaren Konpromezua ziurtagiria banatu zien atzo, Azkoitiko Intsausti Jauregian egin zuten ekitaldian. Bertan, ziurtagiria iaz lortu zuten lau saltokik jaso zuten diploma; Azpeitiko Mikel Uria jatetxeak, Azkoitiko Landagarre Nekazal Turismoak eta Zulueta Nekazal Turismoak eta Aizarnazabalgo Uztarri jatetxeak. Horrez gain, 2009. urtean ziurtagiria lortu zuten zenbait gunek bigarren zikloa gainditu dute orain, eta horiek ere jaso zuten ziurtagiria; Azkoitiko Joseba Jatetxea, Iturri jatetxea, Bai Azkoitia jatetxea, Larramendi Torrea Hotela, Kuku Herri aterpetxea, Azpeitiko Kiruri jatetxea, Jai Alai jatetxea, Larrañaga Hotel-jatetxea, Burnibidearen Euskal Museoa, Zestoako Ekainberri eta Sastarrain aterpetxea eta Aizarnako Aranburu jatetxea eta landetxea dira horiek.
Saltoki horietako kideez gain, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendaria, Jose Urbistondo Azpeitiko Udaleko Turismo zinegotzia eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea eta Iraurgi Lantzeneko lehendakari ordea izan ziren ekitaldian. Aranbarrik, “turismoko eragileek” duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen. Muelak, berriz, “kalitatetik haratago, bikaintasunera” iristeko bidea nabarmendu nahi izan zien saltokiei. Halaber, turismoa “etorkizuneko sektorea” izango dela eta bikaintasunerako bide horretan “lanbide berriak” sortuko direla adierazi zuen. Kalitatearen ziurtagiriari dagokionez, erakundeen eta saltokien arteko “sinergiaren” ondorio dela esan zuen.
Kalitate Turistikorako Konpromisoa Turismo idazkaritzaren ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak kudeatu du. Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren, Basquetour Euskal Turismoaren eta euskaldeetako Garapen agentzien babesarekin, enpresa turistikoaren barne kudeatzea hobetzea edota instalazioetan segurtasuna bermatzea du helburu ziurtagiriak.