Herriko bizilagun berrien integrazioa eta bizilagunen artean elkarbizitza sustatzeko Immigrazio Mahaia sortuko du Zarauzko Immigrazio Zerbitzuak. Lanerako mahaiaren helburua etorkinen gizarteratzea errazte da, «bertakoen eskubide eta betebehar berak izan ditzaten bermatuz». «Oinarrizko printzipioa normalizazioa da, hau da; etorkinentzat egitura paraleloak edo bigarren edo atzeko ateak ez sortzearena», nabarmendu du Gizartekintzako zinegotzi Maribel Albizuk.
Migrazioaren fenomenoak herrian izan duen eragina, atzerritarren harrera eta kulturaniztasunaren inguruko hausnarketa egitea izango dira erakunde berriaren lan ildoak. Horretaz gain, aniztasuna bultzatzeko ekitaldiak antolatuko ditu, eta aldi berean, duela gutxi egituratutako Zarauzko Tokiko Immigrazio Planaren jarraipena egingo du.
Bestalde, mahai berriak «izaera orokorra eta jarraitua» izango duela gogorazi zuten: «Herritarrek migrazioaren fenomenoaren inguruan duten ikuspegiaren diagnostiko gisa ere balioko du».
«Izaera irekia»
Erakundeak «izaera irekia» izango duela adierazi zuten Gizartekintzako zinegotziak eta Immigrazio teknikari Julen Arangurenek herenegun egin zuten agerraldian. Ildo horretatik, plana osatzeko lanean jardun zuten 70 lagunak lanerako mahaian parte hartzera gonbidatu dituzte Immigrazio Zerbitzuak, horien artean, herritarrak, eragileak eta askotariko elkarteetako kideak.
Era berean, mahaian parte hartu nahi duen orok 943-00 51 27 telefonora deitu beharko dute edota jaranguren@zarautz.org helbide elektronikora mezua bidali. «Izaera kontsultiboa izango du eta egitura malgukoa izango da», gehitu zuen Arangurenek. Kide berriak onartu ahal izango dira, beraz, beti ere lanerako konpromisoa azaltzen badute.
Metodologia
Arangurenek adierazi zuenez, mahaian parte hartzen dutenak hilabete eta erdian behin bilduko dira, gutxigora behera. Jardueren arabera maiztasun hori alda daitekeela gogoratu zuen. Datorren asteazkenean, hilak 16, elkartuko dira lehenengoz, 19:00etan. Bertan, lanerako metodologia zehaztuko dute bertaratzen direnek.
