Iñaki Oliden oriotarra egin da aurtengo Abadiñoko San Blas idi-probetako txapelaren jabe; eta Olidenen Txikito eta Kastaño idiek jaso dute urtebetez txapeldun izendatzen dituen manta bana. Aurreneko aldiz irabazi du Olidenek proba garrantzitsu hori eta gustura dago, nola ez.
San Blas egunean hasi eta otsailaren 7 arte, 26 bikote aritu ziren Abadiñoko probalekuan –Katedrala izenez ezaguna– lehian. Azken egun horretan, astelehenarekin, aritu ziren Txikito eta Kastaño 1.800 kilo inguruko harriari tiraka.
Ordura arteko markarik onena–52 plaza eta erdi– haustea zaila zela jakinda hasi ziren lanean idiak eta bi itzaiak: Ramon Ibarzabal Iketza eta Iñaki Oliden bera. Ordu erdiz harria arrastaka ibili ondoren, 54 plaza eta buelta –2 metro– egin zituzten, txapela Oriora bidean jarriz.
Haien atzetik ziren proba irabazteko faboritoen idiek –Iñaki Urrutiarenek– ere ezin izan zituzten Olidenen animaliek adina plaza egin eta pozez zoratzen hartu zituen oriotarrak, 1.000 bat ikusleren txalo zaparrada artean, irabazleari dagozkion 2.000 euroak, txapela, idientzako manta bana eta kopa eder bat.