Herriko kirol instalakuntzak hobetzeko aurreikusitako aktuazioen barruan, Zarazko Kirol Patronatua obrak egiten ari da Astiko kirol eremuan bertako aldagela guztiak hornituko dituzten biomasa galdarak jartzeko. “Garbitasuna, jasangarritasuna eta ekonomia” ondoen uztartzen dituen sistema delako aukeratu dute biomasa, Iban San Martin Kirol zinegotziaren arabera. Ohiko galdara batean datza, baina erregai gisa pellet deritzona erabiltzen du, hau da, egur txirbila prentsatuz lortzen diren takoak. 230.564,54 eurokoa da obren aurrekontua, baina Patronatuak dirulaguntzak aurreikusita dauzka kostuaren zati bati aurre egiteko.
Udaleko Herrilan sailak egin du proiektua, eta Giroa enpresa arduratuko da obra egiteaz. Duela pare bat aste hasi ziren lanak, eta martxo erdialde aldera bukatuta egotea espero da. Errugby taldeko kideak pairatzen ari diren gabezia konponduko dute galdarek; izan ere, lehen lau termo elektriko besterik ez zituzten, eta ez ziren “inolaz ere nahikoak” airea eta dutxetako ura berotu, eta guztien beharra asetzeko.
Kirol Patronatuarentzat “lehentasunetako bat” zen obra hau. San Martinek adierazi duenez, azken urteotan errugby taldeen kopurua hazi egin da, eta lau termoak ez ziren nahikoak egun berean talde desberdinek entrenatzen zutenean. Astiko kirol eremuan ezin dira potentzia elektrikoak handitu, transformadorea eta lerro elektrikoak gainezka daudelako. Ondorioz, termoek ezin dute funtzionatu argi fokoak pizten direnean, eta termo gehiago jarriz gero, ezin dute aldi berean funtzionatu.
Pasa den urtean, hainbat aukera desberdin aztertu ondoren, hala nola propano gasa erabiliko zuen galdara bat, Patronatuak biomasaren alde egin zuen arazoari konponbidea emate aldera, “eraginkortasun energetiko handiko sistema delako, indartsua eta ekologikoa”. Erregai gisa erabiltzen duen egurra ez dator moztutako zuhaitzetatik, baizik eta altzari zaharretatik, edo bestelako birziklatutako materialetatik. Proiektuaren eta obra zuzendaritzaren erredakzioa esleitu zen, eta diru-partida onartu zen ekainean.
Behin-betiko obra esleitzear zeudenean, Udaleko Herrilan sailak jakinarazi zuen, Astiko eremuan egitekoak ziren saneamendu obrak aprobetxatuz, bazegoela aukera kanalizazioez baliatzea Astiko aldagela guztientzat biomasa galdaren sare trinko bat egiteko. “Horrek hasieran abiarazitako proiektua berrikustea eskatzen zuen, baina epe ertainean, askoz ere soluzio hobea zen erabiltzaile eta talde guztientzat. Izan ere, Asti osoarentzat sare integral bakarra edukitzea ahalbidetzen zuen, sistema energetikoak homologatuz eta kostuak merketuz”, azaldu du San Martinek.
Pasa den urte bukaeran, beste bi termo elektriko jarri ziren errugbyko aldageletan, behin-behineko neurri gisa, baina ur beroaren ekoizpena ez zen nahikoa oraindik ere. Gorabehera guzti hauek direla-eta, erantzun definitiboa nahi baino gehiago berandutu da. Hala, errugbyko kideen “pazientzia eta ulermena” eta Herrilan zinegotzi “Jose Mari Agirreren prestutasuna” eskertu, eta obrek hobekuntza handia ekarriko dutela azpimarratu du zinegotziak.
Polikiroldegiko pareta
Duela zenbait aste bukatutako beste obra baten berri eman du Patronatuak: polikiroldegiko hormarena. Lizardi institutuaren jolastokiaren aldameneko pareta, Araba kaletik ikusten dena, ez zegoen baldintza onetan, eta Patronatuak 32.111,53 euroko inbertsioa egin zuen txukuntzeko, etorkizunean arriskuak saihestuz. Azkenik, San Martinek gogora ekarri du Itxasmendiko kirol pistan burutzen ari diren lanak ere amaitzeko zorian daudela. Gaueko argiztapena hobetu da bertan, hamabi farola jarrita.