Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko herri ugari ibai eta mendiek mugatzen dituzte, eta horren adibide dira Orio edo Zumaia, esaterako. Ibai eta estuario horiek balio ekologiko handia izaten dute, eta horiek hiritartze presioetatik babesteko, Eusko Jaurlaritzak dekretu proiektu bat egin du. Hori indarrean jartzen dutenean, ibai eta estuario horiek hiritartu ezin diren lur eremu izaera izango dutela jakinarazi dute. Gipuzkoan denera zazpi ibai eta estuarioei eragingo die dekretuak, eta Urola Kostan Urola, Oria eta Iñurritza izango dira horietako batzuk.
Kontserbazio Eremu Bereziak
Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Departamenduak dekretu proiektu bat egin du, eta Red Natura 2000ren baitan dauden 14 ibai eta estuario Kontserbazio Eremu Berezi izendatuko ditu.
Horien denak 2004 eta 2006 urte bitartean Interes Komunitarioa duen Toki izendatu zituzten, eta horri esker gaur egun hainbat babes neurri dituzte. Hala ere, Eusko Jaurlaritza urrats bat gehiago eman nahi du Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ibaien balio ekologikoa babesteko, eta dekretuarekin orain arteko babestutako eremu hori zabaldu egingo da.
Urola ibaian Kontserbazio Eremu Berezia 103 hektareatik 155era igaroko da. Gaur egun babestuta dagoen eremuaz gain, Santio hondartzako dunak, Oikiako erriberako basoa eta Artadi auzoan dagoen kantauriko artadi basoa gehituko dira Kontserbazio Eremu Berezira.
Oria ibaian Orion N-634 errepidea igarotzen den zubitik itsasadarrerainoko eremua gehituko da Kontserbazio Eremu Berezira. Bestalde, Iñurritzako Biotopo Babestuak Talaimendi labarra, dunak eta hondartza hartzen ditu orain. Ingurugiro Departamenduak eremu hori zabaldu nahi du, eta Orioko portu berriaren alboan dauden labarrak, Aiako udalerriarenak direnak, Iñurritza Kontserbazio Eremu Bereziaren baitan sartzea proposatu du.