Tene saria eskuratu dute Mikel Markezek eta Pako Aristik

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 10a

Mikel Markezek eta Pako Aristik elkarrekin aurkezturiko Benito, plazer bat izan duk Benito Lertxundi bakarlariari buruzko proiektuak Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Tene saria irabazi du. Arduradunek gaur eman dute erabakiaren berri, Donostian. Ez dira irabazle bakarrak izan, ordea, Ainara Gorostizuren EtorkiZUnak lanak ere sari bera lortu duelako. 2010eko deialdian aurkezturiko "lanen kalitatea" aintzat hartuta, saria bitan banatzea erabaki du bekako epaimahaiak, eta Udalak bikoiztu egin du sariaren diru kopurua: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Mikel Markez Aiako bizilagunak eta Pako Aristi azpeitiarrak Benito Lertxundi kantari oriotarrarekin urteetan egindako bazkari eta bazkalosteko solasetan oinarrituta prestatu dute lana. Lertxundiren hausnarketak eta hitzak modu literarioan jaso dituzte. Bekaren irabazleek urtebete izango dute proiektuei liburu forma emateko, eta 2012an kaleratuko ditu Elkar argitaletxeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide