Datorren larunbata Anaitasuna Futbol Taldeari eta haien zaleei eskainitako eguna izango da. Izan ere, lehenengo aldiz Gorrixen Egune ospatuko dute herrian. Azkoitiko tabernariek antolatu dute egun osoko ekimena, eta egitarau «oparoa» osatu.
Eguerdian, nahi duenak herriko trikitilarien laguntzarekin poteoan atera ahalko du kalera. Ondoren, izena ematen dutenak Errexil jatetxera joango dira bazkaltzera. Bertan bazkaltzeko 40 lagunentzat lekua dagoela azaldu dute antolatzaileek; beraz, izena ematen duten beste guztiei Joseba jatetxean egingo diete tartea.
Arratsalderako, Anaitasuna eta Hondarribi taldeen arteko norgehiagoka prestatu dute. Ondoren, berriro trikitilariekin poteoa egingo dute, eta gauean, The sugarballs Azkoitiko taldearen eta ZKT iruindarren kontzertuak izango dira. Tabernariek jakinarazi dutenez, egitarauko ekitaldietan parte hartzeko, txartelak jarri dituzte salgai. Hori hala, Aupa gorrixek! jartzen duen elastikoa, bazkarirako txartela eta futbol partida ikusteko sarrera hogei eurotan eskura daiteke tabernetan, bihar baino lehen.
Antolatzaileek, besteak beste, Anaitasuna taldea eta zaleak«indartsu» daudela aprobetxatu dute egun hori antolatzeko. Halaber, Gorrixen egunaren bidez, tabernariek beste ildo berri bati heldu nahi diote, «ohiko ekintzetatik» urrunduz. «Orain arte kontzertuak soilik antolatu ditugu. Aurrekontu murrizketak direla-eta, bestelako ekintzak prestatzen hasi ginen iaz, eta konturatu gara horrenbeste diru gastatu gabe ere antola daitezkeela beste mota batzuetako ekitaldiak ere». Gainera, horrelako ekimenek «erantzun ona» izaten dutela ohartu dira antolatzaileak. Gorrixen Egune izango da lehenengo ekitaldia, eta aurrerantzean honako «filosofia» jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute. «Originaltasuna kontutan hartuta, diru gutxiago kostako diren ekintzak antolatuko ditugu, herriko eragileekin elkarlanean».
Tabernarien helburua herriari «kolore pixkat» ematea da. Hori hala, datorren hiletik aurrera gisa horretako «festa txiki ugari» egiteko asmoa dutela adierazi dute.