Zestoako pilotalekura ez dira lehen aldiz etorriko, pilotari profesionalak azken urteotan izan baitira herrian, amabirjinetako partidetan. Datorren otsailaren 18an, ordea, txapelketa nagusiko kanporaketa jokatzera etorriko dira lehen aldiz Aspeko punta-puntako lau pilotari profesional, baita Promozio mailako lau pilotari ere.
Otsailaren 18an, beraz, 22:15etik aurrera, eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte. Aurrenik Promozio edo bigarren mailakoa, Aspeko Jon Apezetxea eta Cecilio Valgañon, Asegarceko Mikel Olaetxea eta Jon Ander Albisuren aurka. Hori amaitzean hasiko da partida handia: Asegarceko Aimar Olaizola II.a eta Aritz Begino, Aspeko Sebastien Gonzalez eta Aritz Laskurainen aurka.
Ligillako sei partida jokatu dituzte oraingoz, eta sailkapenean lehen postuan dira Olaizola II.a eta Begino. Gonzalez eta Laskurain bosgarren postuan daude.
Apustu ekonomikoa
Zestoako pilotalekuak araudiak eskatutako baldintza guztiak betetzen baditu ere, aurretik ez da inoiz Zestoan txapelketa nagusiko partidarik jokatu. Azken bi urteetan amabirjinetan partidek izan duten arrakasta ikusita, ordea, festetatik kanpo ere «funtzionatuko lukeen» ikusi nahi du Pilota Taldeak, eta jaialdia antolatzeko apustua egin du.
Apustua izango da, batez ere ekonomikoa. Pilota Taldeko kide Mikel Arregi Ertxin-ek azaldu ditu nondik norakoak: «Aspek prezioa jartzen dio jaialdi bakoitzari eta nahi duenak kontratatu egiten du jaialdi hori». Zama ekonomiko guztia, beraz, kontratatzen duenak hartzen du bere gain. Taberna jarriko dute, eta azpiegiturak eta logistika lanetan Udalak lagunduko du. «Helburua zulorik ez egitea da. Irabaziak egonez gero taldearentzat izango dira, baina galerak baldin badaude, taldeak egin beharko du horien kargu ere», dio Ertxin-ek. Arriskuari aurre egiteko asmoa argia da ordea: «Herritarrei aukera hau eskaini nahi diegu». Partida hau «garrantzitsua» dela onartzen du Ertxin-ek: «Horrelako partidak beti zirkuitoko frontoietan edo frontoi industrialetan jokatzen baitira». ETBk telebistaz emango du gainera partida.
Lehian erabiliko dituzten pilota hautaketa datorren asteazkenean, hilaren 16an, izango da, 14:00etatik 17:00etara bitartean.
Sarrerak aurrez salgai
Sarrerak 30 euro kostako dira. Aldez aurretik erreserbatu nahi badira, 659-64 97 81 telefonora deitu beharko da. Asteburu honetan, bestalde, herriko plazan jarriko dituzte salgai; ostiralean 19:00etatik 21:00etara, eta igandean 12:30etik 14:00etara. 200 sarrera inguru salduak dituzte jada eta frontoian 528 eserleku daude.