Eskualdeko arraun elkarteak emakumezkoen Euskotren Liga taldeka jokatzearen aldeko agertu dira. TKE Traineru Kluben Elkarteak azken batzarrean emakumezkoen traineruak aurtengo denboraldian nola lehiatuko ziren eztabaidatu zuten elkarteko bazkideek, eta «aldaketa handiegirik» ez egitea adostu zuten. Ildo horretatik, elkarteko kideek emakumezkoek liga federazioka jokatzea hitzartu zuten.
Gipuzkoako Federazioak eta taldeek, ordea, ez dute begi onez ikusi TKEk adostutakoa.Horren aurrean, taldeka lehiatzea proposatu dute. Eta TKEko asanbladak atzera bota du iradokizuna.
Hori dela eta, gaur 20:00ak aldera Iñaki Mikeo TKEko kudeatzaile nagusiarekin elkartu ziren Gipuzkoako Federazioko zuzendaritzako kideak, gaiaz eztabaidatzeko. Mikeok adierazi duenez, Gipuzkoako Federazioko kideen asmoak entzuteko helburuarekin bilduko dira: «Entzun nahi ditut, haien asmoak jakin. Ez dut uste oraindik erabakia hartzeko aukera izango dugunik».
«Apustu bakarra»
Eskualdeko arraun taldeen zuzendaritzek, berriz, argi dute Euskotren Liga «taldeka» lehiatu beharko litzatekeela.
Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza batzordeko kide Jose Ramon Garatek adierazi duenez, Gipuzkoan «apustu bakarra» egin daiteke: «Gu Euskotren Liga taldeka jokatzearen aldekoak gara». «Kalitate gehien duten taldeak gipuzkoarrak dira. Eta Gipuzkoaren izenean jokatu ahal izateko bost talde lehiatzen dira euren artean. Kantabria eta Bizkaia, berriz, talde banak ordezkatzen dute, nahierara aukeratutako taldeek. Meritoaren arabera lehiatu beharko lukete taldeek».
Hori dela eta, Gipuzkoako Federazioko zuzendaritza egun bilerak egiten ari dela nabarmendu du Garatek, «egoerari irtenbidea bilatu asmoz».
Getaria-Tolosa taldeko entrenatzaile Jabier Etxabek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Federazioak Euskotren Ligan parte hartzeko asmoa duten arraun taldeen artean kanporaketa jokatzea proposatu zuen: «Proposamena onartu balute, taldeek Euskotren Ligan parte hartu ahal izateko lehiatu egin beharko lirateke. Minutu erdian helmugara iristea lortuko balute euren lurraldetasuna mantendu eta ligan sartuko lirateke. Ez balute lortuko, ordea, txapelketatik kanpo geratuko lirateke, eta ondorioz beste talde batek ligan parte hartzeko aukera izango luke».
TKEko bazkideek atzera bota zuen iradokizuna. «Galiziarrek, esaterako, euren plaza mantendu nahi zuten», esan du Etxabek.