Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Aritz Labiano ‘Labi’ eta Haritz Gartxotenea ‘Xaporra’ zarauztarrek jarritako helegitea. Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi du, beraz: urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa erakunde publikoetan lan egiteko bi lagunentzat. Horren harira, manifestazioa egingo dute herritarrek gaur 20:00etan.
Mikel Elortza defentsako abokatuak adierazi duenez, Gorenak ez du tramitera onartu ere egin ezarritako helegitea: “Helegitea jarri eta Auzitegiak hura tramitatzea onartu behar du. Behin tramitea onartuta, errekurtsoa aztertzen dute. Zuzenean atzera bota du, ordea”. Gorenak helegitean azaldutakoak “epaia berraztertzeko nahikoak ez” direla arrazoitu du. “Azterketa egin dute, ordea, zioak zuzenak ez direla esateko, behinik behin”, dio Elortzak. Hori dela eta, Gorenak “erabat berretsi” du Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia.
“Epaia ezin da oinarritu lekukotza batean”
Abokatuaren esanetan, helegitean bost arrazoi zerrendatu zituzten. Horietako bik lekuko anonimoaren legezkotasuna eta hura zigorraren oinarria izatea zalantzan jartzen zuten. “Legediaren arabera, epaia ezin da oinarritu lekukotza horretan” nabarmendu du. “Zalantzan jartzen da anonimotasun hori”.
“Nahiko gainetik hartutako erabakia da, eta nahiko baldar aritu da Gorena”, dio Elortzak: “Epaiaren lekukoak nahastu egin ditu, lekuko baten esanetan jarri du hark esan ez zituenak”. Horretaz gain, “akats materiala” ere badagoela adierazi du: “Zalantzan utzi dute inhabilitazioa sei edo zazpi urtean izango duten”. Dena den, puntu hori gerora zehaztuko dutela azaldu du.
Erabaki “irmoa”
“Izugarrizko bidegabekeria izan da prozesu osoa, eta honek akabera eman dio”, nabarmendu du abokatuak. “Erabakia irmoa da”.
Elortzak jakinarazi duenez, “normalean” urtebeteko kartzela zigorra ez da egiten. “‘Labi’-k eta ‘Xaporra’-k aurrez beste epaia suspentsoan zutenez, ez diete utziko zigorra ez betetzen, aurrez zutena betearazi beharra ekarriko du. Zehazki ez dakigu baina gutxi gorabehera 21 hilabete pasatuko dituzte espetxean: 12 lekuko anonimoan oinarritutako akusazioagatik eta 9 aurrez suspentsoan zutenagatik”, azaldu du.
“Konstituzionalaren aurrean errekurtsoa aurkeztu ahal izango genuke, baina erabakia eman aurretik 4-5 urte igaro daitezke, eta gainera, baldintza batzuen baitan jar daiteke soilik helegitea. Gerta daiteke epaia bete eta denbora batera onartzea Konstituzionalak helegitea”, nabarmendu du Elortzak. “Gorenaren epaia irmoa bada, nekez alda daiteke”.
Kartzelaratze prozesua ez dakite oraindik nola izango den. Abokatuak adierazi duenez, “egun batzuk igaro daitezke edota zuzenean atxilotu ditzakete”. Ezin da jakin zitazioren bat iritsiko zaien edota haien bila joango den polizia. “Ez da normala zuzenean atxilotzea, baina prozesua ikusita, denetarik gerta daiteke. Zain egon beharko dugu, baina atxilotu egingo dituzte, dudarik gabe”, nabarmendu du.