Ainhoa Alberdi, Altxorraren bila ikastaroko irakaslea
Ainhoa Alberdi (Zarautz, 1969) aktoreak, antzerkia alde batera utzi gabe, alderdi psikologikoa landu nahi du. Ildo horretatik, Altxorraren bila izenpean ikastaroa antolatu du datorren hilaren 19rako. Bertan «hemen eta orain kokatuta, bizitzaren drama desegiten» ikasiko dute parte-hartzaileek, bakoitzaren «barne altxorra» ezagutzeko: «Mozorro denak kentzen ditugunean altxorrarekin egiten dugu topo. Jolasteko aske gara, ispilu bilakatzen gara, garenaren eta den guztiaren islada garbian». Ildo horretatik, «bere barrenera pixka bat hurbildu nahi» duenak zazpi ordu inguruko (10:00etatik 14:00etara eta 16:00-19:00 bitartean) saio bakar batean lortuko du. Interesa duenak Alberdiri berari deitu beharko dio izena emateko (6886614266), eta egunean bertan 50 euro ordaindu. Saioa Artezaleak-en lokaletan izango da.
Zein da ikastaro honen helburua?
Gure barneko altxorra topatzea izango da xedea. Guztiok dugu barnean altxor bat, bilatu behar ez den altxorra. Gizarte kontsumista honetan batik bat, ohiko sentsazioa da bizitzan zoriontsu izan ahal izateko edota ongi bizitzeko zerbait bilatu behar dugula. Ez dugu ezer bilatu beharrik, ordea, barnean dugunak emango baitigu bakea eta zoriontasuna. Horretarako, hemen eta orain kokatuko gara saioetan. Normalean iraganari edota etorkizunari eusten diogu oraina ez bizitzeko, istorietara heltzen gara unean unekoa ez bizitzeko, beti gertatuko denaren zain edota bizitako une zoriontsuak gogoratuz.
Hemen eta orain, ordea, ez dago arazorik, bizitzaren drama desegin egiten da. Zaila da hori ulertzea, orohar arrazionaltasunera jotzen baitugu. Nire helburua transzendentzia kentzea eta jolastea izango da. Antzerkiaz eta espresibitateaz baliatuko naiz horretarako, bizitza jolasa izan daitekeelako. Hori proposatuko dut, bizitzera jolas dezagun, mozorro guztiak kenduta eguneroko arazoei aurre eginez eta jarrera ausarta hartuta. Hala iritsiko gara barneko altxorra ezagutzera.
Zein teknika erabiliko dituzu barne altxor hori aurkitzeko?
Horretarako beharrezko erreminta geure burua izango da, gure gorputza, gure ahotsa, gure emozioak. Arnasketaz baliatuko gara gehienbat barrenarekin kontaktuan jartzeko. Irudimenezko bidaiak ere egingo ditugu, barne bistaratzeak. Hankak lurrean mantenduz eta sustraiak botaz, hegan egingo dugu. Lurretik datorren energia eta goitik datorkigun energia espiritualarekin oreka lortzen ikasiko dugu, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Behin gure esentziarekin harremanetan jarri ostean, oreka bilatzen saiatuko gara. Bizirik mantentzea ahalbidetzen diguten muturreko bi energiak landuko ditugu orduan: agresibitatea eta sentsualitatea. Beti ere erdigunean, gure esentzian oinarrituta.
Nori dago zuzendua?
Helduei zuzenduta dago, baina irekia izango da. Azken finean, bere barrenera pixka bat hurbildu nahi duen edozeini zuzenduta egongo da. Askok ikastaroa antzerkiarekin lotuko dute nire izena entzutean. Nire asmoa ikastaro irekia izatea da, ez da antzerkizaleentzat soilik zuzenduta egongo.
Nolatan eman duzu antzerkitik alderdi psikologikora saltoa?
Nik badaramatzat urte mordoa antzerkira bideratuta, hori baita nire lanbidea. Eta espresiora eta antzerkira bideratutako ikastaroak eman izan ditut. Bere garaian psikologia ikasi nuen eta bioenergetika landu, eta orain alderdi hori jorratzeko grina piztu zait. Nire erreminta espresioa da, antzerkia. Hortik abiatuta, barne altxorra lantzeko asmoa dut. Antzerkirako beharrezkoa da barnealdera begiratzea. Eta baliagarria da, era berean, gure barneko mundua ezagutzeko. Izan ere, espresibitateak horretan laguntzen du, mozorroak kentzen eta nork bere burua, biluzik, ezagutzen.