Herritarren parte hartzea sendotzeko asmoz, Herritarren Partaidetza sailak bilera antolatu du biharko. Bertan, Bakeaz elkarteak eta saileko ordezkariek osatutako Herritarren partaidetzako Zarauzko Plan Zuzentzailearen zirriborroa erakutsiko zaie bertaratzen direnei. Eragileek eta herritarrek orohar proposamenak eta ekarpenak egin ahal izango dituzte bilkuran, «guztien artean partaidetza plan osatua osatze aldera». Batzarra 19:00etan izango da udaletxeko pleno aretoan, eta bi orduz luzatuko da.
Herritarren partaidetzarako zinegotzi Patxi Elolak adierazi duenez, Bakeaz elkarteak diagnosia egin du Udaleko langileekin: «Lehenik eta behin, elkartea teknikariekin eta politikariekin bildu zen. Hainbat inkesta eta elkarrizketa egin zieten horiei, saioetan partaidetza bultzatzen den jakiteko, gabeziak antzemateko eta euren ikuspegia jasotzeko». Datu horiekin guztiekin hasierako diagnosia egin dutela adierazi zuen Nerea Ollokiegi teknikariak: «Hala Zarauzko partaidetzaren balantzea egin ahal izan dugu».
Helburua gida osatzea
Hurrengo pausoa eragileekin eta hainbat elkartetako kideekin biltzea izango dela nabarmendu du Ollokiegik. «Helburua partaidetza gida osatzea da, guztion ekarpenez baliatuz» adierazi du. Hori dela eta, biharko bilkuran dokumentua landuko dute herritarrekin, haien ekarpenak jaso eta gerora horiek dokumentuan txertatuko dituzte, «behin betiko gida burutzeko».
Behin gida egituratzean, liburuxkak banatuko dituzte herrian. «Partaidetza gauza berria da Zarautzen. Hori dela eta, Udalaren eta herritarren arteko koordinazio maila areagotzeko irizpideak landu beharko dira, seguraski» gehitu du Elolak. Era berean, partaidetza gidak hainbat alorretan dauden «gabeziak» konponduko dituela esan du.