Eskualdean beste hainbat txokotan bezala, Aizarnazabalen ere santaeskean aritu dira goizean goizetik. 09:00etarako elkarte gastronomikoan gosalduta, herriko auzoetara ez ezik, Aiako lurretara ere iritsi dira urtero bezala aizarnazabaldarrak. Eguerdi partean lagun gehiago animatzen den arren kantuan etxez etxe eskean aritzera, goizean ez da talde oso handia abiatu plazati. Hala ere, bertsolari eta trikitilariekin aritu dira, gogoz kantatzen duten lagunekin batera. Bertsolari lanetan Mikel Aiertza herritarra eta Aitor Mendiluze izan dira. Hamaseigarrenez gerturatu da Aizarnazabalera Mendiluze, txintxo-txintxo, herritarren eta auzotarren belarriak goxatzera. Eguzkia lagun, kantatuz eta errimatuz saskia betetzen aritu eta bazkaltzeko tartea hartu ondoren, arratsaldean santaeskean segiko dute, umore onean, ohitura zaharrari jarraituz. 


