Gipuzkoa Zero Zaborrek martxoaren 20an Zubietan egin behar duen errausketaren aurkako flashmob egitasmorako deialdia filmatzen ari da. Goizean goiz hasi dira grabaketarekin, 09:00ak aldean, Zarauzko merkatu azokan, eta une honetan bertan ari dira iragarkiaren lehen planoak jasotzen. Ondoren, Getarian jarraitu dute eta, segidan, Donostiako Miramar jauregian eta Bretxako azokan.
Guztira, 45 lagun elkartu dira gaurko ekimenean parte hartzeko eta, bide batez, errausketaren aurkako koreografia dantzatzeko. Flashmob-a eta bere abestia auzolanean sortutakoa da, herriko hainbat talderen laguntzaz; pieza, gainera, Lady Ga Ga abeslariaren Bad romance kantaren moldaketa da.
Gaur filmatzen duten deialdiaren ikus-entzunezkoa Interneten jarriko dute ikusgai, Gipuzkoa Zero zaborren webgunean (gipuzkoazz.com). Era berean, posta elektronikoz ere zabaltzeko asmoa dute. Azken finean, ikus-entzunezkoarekin ahalik eta jende gehien erakarri nahi dituzte martxoaren 20an Zubietan egingo duten flashmob egitasmora.