Atzo Salbatore Mitxelena Ikastolako Ezohiko Batzarra ospatu zen eta Ikastola Berriaren inguruan informazio hau helarazi zitzaien kooperatibako bazkideei:
-Krisialdi ekonomikoaren eraginez, duela urte eta erditik Ikastola Berriaren egitasmoa geldirik egon da, etxegileak banketxeetatik finantzaketa topatzeko izan dituen zailtasunak tarteko.
-Egoera hori dela eta, ezinegona eta kezka zabaldu da ikastolaren komunitatean, normala denez. Hori dela eta, ikastolako Artezkaritza Kontseiluak beste bide alternatibo batzuk jorratzea erabaki zuen eta horren lanketan jardun da aurreko ikasturtetik, aukera ezberdinak aztertuz.
-Azterketa horren ondorioz, Ikastolaren Artezkaritza Kontseiluaren egungo lan-ildoa, indarrean dagoen hirigintza ordenazioa berdin mantenduz, Eguzki Izarra eremuan Ikastolaren eraikuntza lanak epeka egitea litzateke. Planteamendu honek, finantzaketa errazteaz gain, gaur egungo ikastolaren eremuan egin beharreko etxebizitzak ere epeka egitea ahalbideratuko du.
-Lehendabiziko epe horretan burutuko litzatekeen eraikuntza, HH2tik LH2 arteko eraikuntza litzateke, ikasle hauentzat egokitutako espazio, jangela eta zerbitzu guztiekin. 5.000 metro karratutik gorako eraikin bat izango da, eta egitasmoaren koste totala ia 5 milioi eurotara iritsiko da.
-Azkenik, 2011ko ekaineko Ohiko Batzar Orokorra bitarte, Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak planteamendu honetan zehazteko dauden puntu guztiak argitzeko ahalegina egitea agindu zuen, epe horretan ikastolako komunitateak bere erabakia hartu ahal izan dezan. Urte zailen ondoren azkenean ere argia ikusten hasiak garelako pozik, baina egitasmoak errealitate bihurtzeko ahaleginean gogor jarraitu behar dugula jakitun, Salbatore Mitxelena Ikastolak kalitatezko etorkizuna bermatzeko erronka honetan bidelagun izan dituen eta dituen guztiei eskerrak eman nahi dizkie.