Herritarrak eta Gipuzkoako Aldundia gerturatzeko asmoz hurbildu zen atzo, otsailaren 3an, Bide Azpiegituretako Departamentuaren diputatu Eneko Goia Oriora. Gipuzkoa Eraikitzen ekimenaren baitan, Diputazioak azken hiru urteotan landutako Kudeaketa Planaren berri eman zuen aurrena Goiak. Eta galdera-erantzunen tartea ireki zuen gero, bertaratu ziren herritarren kezkei erantzuteko.
Funtzionamendua eta helburuak
Aldundiaren zereginen berri emateari ekin zion lehenik eta behin Goiak. Horien artean, erakundearen funtzionamendua eta helburuak azpimarratu zituen gehienbat: kultura-politikaren baitan, hiru zutabe identifikatu zituen: lidergo partekatua, lankidetza pribatu-publikoa eta parte hartzea. Helburuei dagokienez, zazpi aurkeztu zituen: mugikortasuna eta komunikazio azpiegiturak garatzea; lurralde orekari eustea; ingurumena zaintzea; Gipuzkoarron ongizatea bermatzea; gure nortasuna eta kultura babestea; lehiakortasuna handitzea; eta bakea eta normalizazio politikoa lortzea.
Krisi ekonomikoaz ere aritu zen Goia eta garaioi aurre egiteko Aldundiak hartutako neurriak zein diren zehaztu zuen: herri inbertsioak sustatzea; zientzia eta teknologia azpiegiturak sustatzea; laguntza berezia ematea behar gehien dutenei; eta laguntza ematea enpresei, berrikuntza bultzatuz.
Herritarren kezkak
Tren geltokiari eta saihesbideari buruzko kezka eta zalantzak izan ziren protagonista galdera erantzunen atalean. Izan ere, tren geltoki berrian komunik eta bulegorik ez jartzeak eta igogailuak eragindako endredoek haserrea piztu dute oriotarren artean. Goiak adierazi zuenez, trenarekin zerikusia duen guztia Eusko Jaurlaritzari dagokio, Eusko Trenbideak Sareari, hain zuzen ere; saihesbideko lanak dagozkio Diputazioari. Lanaren zuzendaritza ere Eusko Jaurlaritzak hartu zuen beregain, eta Diputazioak aurrez zehaztutako diru kantitatea jarri zuen: gastu totalaren %43.
Orioko alkate Jon Redondoren eskariz, saihesbideko lanen egoeraren berri eman zuen jarraian Goiak. Aditzera eman zuenez, lanak asko mantsotu dira, gastuak uste baino gehiago direla-eta, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren eztabaida tarteko: zintzo-zintzo ordainduz joan gara gu dagokiguna. Badakigu arazoak sortu direla bidean (erreklamazio ekonomikoak, aurreikusi gabeko gastuak...) eta Jaurlaritzak, duela hilabete batzuk, jakitera eman zigun diru gehiago jarri beharko dela eta aldaketa batzuk egin beharko direla; aldaketen berri baina ez digute azaldu nahi izan. Eta hor sortu da eztabaida. Irtenbidea bilatu nahian gabiltza. Hala ere, argi utzi nahi izan zuen, lan horiek egin egingo direla.
Autopistako irteera-sarrera noranzko bakarrekoa izatearen zergatiaz ere galdetu zuten herritarrek. Goiaren hitzetan, lanak hasi aurretik burututako azterketaren arabera, jende gutxi ibiltzen da Oriotik Bilbora aldeko errepideetan eta hortaz, lan horiek egitea defendaezina da Diputazioarentzat; gastu handia eta irabazi gutxi. Orio eta Zarautz lotzen dituen errepidean hirugarren erreia egiterakoan, herriari noranzko horretako irteera-sarrera lortzeko borroka egitea tokatuko zaiola ere gehitu zuten besteak beste, Goiak eta Redondok.
Orioko festetan autobus zerbitzu berezia jartzeaz ere egin zuten galdera. Redondok erantzun zuenez, garai batean doako zerbitzua izaten zen zerbitzu hori, baina orain eguneko 3.000 euro inguru eskatzen ditu Lurraldebusek eta hori izan da orain arte autobus gehiago ez jarri izanaren arrazoia.
Bestalde, Orio Donostiako ospitalearekin lotzeko autobus zerbitzua abian jartzekotan direla esan zuen Redondok. Eta baita, Donostiara autopistatik barrena joango litzatekeen autobusarena ere.
Gainerakoan, San Martin eta Igeldoko bidea lotzen dituen tartean oinezkoentzako bideren bat jartzeko eta tren geltoki inguruan eta herrian bizikletak –eta motorrak– uzteko lekua egiteko eskaerak egin ziren. Bizikletekin jarraituz, igogailua ere txirrinduak sartzeko adinakoa izatea eta herrian ere bidegorriak egitea eskatu ziren.
Pasaiako Kanpo Portuak eragindako inpaktuaz ere aritu zen Goia. Bide Azpiegituretako Departamentuko diputatuaren arabera, azpiegitura hori egiteak dakartzan galeren eta onuren balantza egin behar da aurrena: kanpoko portuak badu inpaktua ingurunean, baina barruko portua kentzeak ekarriko lukeen onurarekin alderatuta, balantza azpiegitura berria Jaizkibelen magalean egitearen aldera mugitzen da.
Atzoko aurkezpena hobetzeko aholkuren bat edo beste ere eman zioten Eneko Goiari: emandako bideoko off-eko ahotsak euskaraz ere izan daitezkeela eta, gaztelania hutsean ez jartzeko gomendatu zen.