Urtero bezala, Zarauzko Euskara Zerbitzuak arropaz eta opariz osatutako otarra, eta ‘Egizu lo’ disko-liburua eman dizkio 2011an herrian jaiotako lehen umeari. Aurtengo lehen haurra Haizea Leizaola Lizaso izan da, urtarrilaren 6an jaio zen, Errege Egunean, eta Karmel Leizaola eta Inmaculada Lizaso bere gurasoek atzo, ostegunean, jaso zuten opari berezia, Imanol Lasa Euskara zinegotziaren eskutik.
Atzoko ekitaldian, Imanol Lasak zorionak eman zizkien Haizearen gurasoei, eta gogorarazi zuen oraingo jaioberriak direla “etorkizunean Europako hizkuntzarik zaharrenaren osasun ona bermatuko dutenak”.
Lo-kantak eta haurrentzako ipuinak biltzen ditu ‘Egizu lo’-k, eta urtean Zarautzen jaiotzen diren haur guztien gurasoei bidaliko zaie, sentiberatze-gutun batekin batera; alde batetik, zorionak emateko, eta, bestetik, “familiak hizkuntzaren transmisioan duen garrantzia” nabarmentzeko.
Gutunarekin batera, hiru-orrikoa ere bidaliko die Euskara Zerbitzuak, gurasoen hizkuntza-tipologiaren araberako mezu eta gomendio zehatzak emanez. Bertan, besteak beste, euskarak Zarautzen duen indarra nabarmentzen da eta, ondorioz, haren ezagutzak eta erabilerak seme-alaba jaioberriaren bizitzan izango duen garrantziaz eta tokiaz hitz egiten zaie gurasoei, hizkuntza txikitatik barnera dezan animatuz.
Urtero, lehen haurrari opari gisa egiten zaion otar berezia hilabete batez egoten da erakusgai Zarauzko denda bateko erakusleihoan, aitzakia horrekin herritarrei kanpainaren berri emateko. Aurten Bengoa dendan egon da.
