
Sanz Enea Kultur Etxeak funtzionamenduan daramatzan 24 urte hauetan 1.992.310 bisitari izan ditu 2010eko abenduaren 31 arte, eta eskarmentuan oinarritutako estimazioen arabera, hilabete honetan bi milioi kontsulten kopurura iritsiko da. Zarauzko Udaleko Kultura sailak arrakastatzat jo ditu zifra hauek, kontuan izanik, besteak beste, 22.600 baino zertxobait gehiago direla udalerriak dituen biztanleak.
Orotara, 83.013 izan dira Sanz Eneak eskaintzen dituen zerbitzu ezberdinetako erabiltzaileen urteko batez bestekoa, eta horrek adierazten du zarauztar bakoitzak urtean lau aldiz erabili duela aipatutako azpiegitura. Zentzu honetan, kontsultak egitera edo argitalpenen bat maileguan hartzeko liburutegira gerturatzen den biztanle kopuru handia nabarmentzen da, kontuan izanik Kultur Etxeak funtzionamenduan daramatzan bi hamarkada hauetako balantzea ikusita % 80a liburutegiko erabiltzaileei dagokiola, eta, honenbestez, Zarauzko kultur zerbitzurik handiena.
Azkeneko hamar urteetan erregistratutako bisitarien zifrak izandako bilakaerak ez du azpimarratzeko moduko aldaketarik eskaintzen, eta 2004an erdietsitako 95.409 bisitarien eta bi urte lehenago zenbatutako 77.740 bisitarien artean kokatzen dira. Zarauztarrek eskainitako zerbitzu ezberdinekiko eta antolatutako ekintzekiko duten fideltasuna iraunkorra da, eta Kultur Etxeko arduradunek eta langileriak eskari txit handi bati erantzuteko duen gaitasuna adierazten du.
Joan den 2010eko urteari dagokionean, Sanz Enea Kultur Etxeko azken datuek erakusten dutenez, 89.761 bisitari izan dira bertan, hilean etengabeko batez besteko 7.500 erregistroarekin. Aurreko urteetako ildo berari jarraituz, oraingoan ere udal liburutegia izan da zarauztarrek gehien eskatu duten zerbitzua, erregistratutako erabilera guztietatik 71.809 bisita atal honi dagozkionak izan baitira.
Zarauzko Udaleko Kultura sailak emaitza hauek ondo gogoan hartu eta baloratzen ditu, kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko ahalegina eta hiritar guztiei zuzendutako askotariko programa aintzat hartzen dituelako. Halarik ere, bere konpromisoa berresten du, eta ezari-ezarian berrikuntzak eta hobekuntzak sartzeko konpromisoa berritzen, arretaren eraginkortasuna areagotzeko eta etorkizunean zifra hauek gainditzeko helburuarekin.