Igor Iturain: "Aiako plazari duintasuna bueltatzeko itxi dugu plaza"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2011ko otsailaren 4a

Iturriozena taberna, Alkartasuna Kooperatiba eta Mikel Rezabal harategia herritarren artean sinadurak biltzen hasi dira Udalak plazako sarrera itxi duelako, euren iritziz "zamalan zerbitzu guztiak aztoratzen" baititu. "Guk lehen bezala goizetik eguerdira bitartean plaza ibilgailuei irekitzea nahi genuke, geure lana eta eguneroko mugindua mantendu dadin". Aiako alkate Igor Iturain eta Udal Gobernua ez dago ados Iturriozena taberna, Alkartasuna Kooperatiba eta Mikel Rezabal harategiaren eskaerarekin. "Plaza ixteko proiektua Udalean onartu genuen. Konturatu ginen plazaren erabilera oso nahastua zegoela, goizetan zamalanetarako irekita bazegoen ere zenbait herritarrek ez baitzituzten arauak errespetatzen eta Aia herri txikia izanda kalean ibiltzen den udaltzaingorik ez dugunez, herritar askok bertan aparkatzen baitzituzten euren ibilgailuak edozein mementotan". Aiako Udal Gobernuaren iritziz, plazak bere "garrantzia izan behar" du, "herriaren erdigunea eta aiar askoren bilgunea delako" eta aldaketa horrekin "duintasuna" bueltatu nahi izan diote. Horretaz gain, Aiako alkateak azaldu zuen, plazaren sarrera nagusian zamalanetarako eremua bat jartzeaz gain, plazako beste sarrerek "lehengo piboteak" izaten jarraitzen dutela. " Merkatariei esan diegu astelehenetik ostiralera eguerdi partera arte zamalanetarako piboteak ireki ditzazketela giltzarekin euren hornitzaileei edota laguntza behar duten erosleei plazara sartzen uzteko. Hori bai, bukatzen dutenean, berriz itxi behar dituzte". Dena dela, Igor Iturainek adierazi zuen aldaketa horren ondorioz, plaza inguruan dauden merkatari eta ostalarien salmentak jaisten badira, horiekin bildu eta arazoa aztertuko duela Udalak. "Baina, datu objetiboak nahi ditugu eta ez presioa egiteko sinadurak" azaldu zuen, "Aiako herriarentzat onuragarria baita plaza ibilgailuei ixtea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide