Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo iluntzean Aiako Udalbatzak 2011ko aurrekontua aztertu eta bozkatu zuen Aiako udaletxeko udalbatzar aretoan. Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontua 2.957.529,30 eurotakoa izango da, iazkoa baino %16 handiagoa, eta EAJren aldeko bost botorekin eta ezker abertzalearen aurkako bi botorekin onartua geratu zuen.
Aiako alkate Igor Iturainek udalbatzarrean azaldu zuenez, 1.125.125 euro gastatuko ditu Aiako Udalak inbertsioetan. Besteak beste, hurrengo proiektuak gauzatzeko asmoa dute.
- Gaztelekua 45.000 euro
- Santio Erreka auzoko haur parkea 40.000 euro
- Anbulategiaren berregokitzapena 30.000 euro
- Arratolako urbanizazioan lanak 19.000 euro
- Igerilekuko makineria berritzea 35.000 euro
- Kirolgune-pasealekua egitea 190.000 euro
- Elkano auzoan frontoi-txokoa 270.000 euro
- Bide konponketa eta azpiegiturak 160.000 euro
- Altxerriko haitzuloaren museoa 100.000 euro
- Dema-plazaren egokitzapen lanak 21.000 euro
Horretaz gain, Udalak herriko turismo, kultur eta kirol talde, elkarte eta ekimenei ematen dien diru-laguntza bere horretan mantenduko duela azaldu zuen Iturainek; baita euskara sustatzeko komunikabideei eta nazio mailako ekimenei ematen dien laguntza ere.
Aurrekontuaren baitan sartu dituzten gastuei aurre egiteko diru-sarrera nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiko "Fondo Forala" deiturikoak emango dio Aiako Udalari, honek 1.052.822,30 euro emango diola aurrikusi baitu Udalak. Horretaz gain, gainontzeko erakundeetatik 260.000 euro jasotzea aurrikusi dute. Bestalde, 2011n Matadero izeneko udal eraikina saltzea ere aurrikusi du Aiako Udalak.