Arauz kanpoko adjudikazioa ikusi du Kontu Auzitegiak Zumaiako EAJren aginte garaian

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 3a

Herri Kontuen Euskal Auzitegiak «irregulartasunak» topatu ditu Zumaiako Udalaren 1992 eta 2008 urte arteko fiskalizazio lanetan. Hala dio auzitegiak aurkeztutako behin betiko txostenak. Horren harira, Udal Gobernua, abokatuen laguntzarekin, gaia ikertzen ari da, eta auzia epaitegian aurkeztea aztertuko dute. «Diru publikoa interes pribatuen esku jarri da; baina batez ere, norabidea galdu da. Agian ez da posible izango diru hori berreskuratzea. Gaia epaitegietara eraman daitekeen aztertzen ari gara», adierazi du Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak. 2008. urtean orduan agintean zegoen EAJk Zumaiako Udalak bideratutako prozedurak eta fiskalizazio lanak aztertzeko eskatu zion Herri Kontuen Euskal Auzitegiari. Orain eman du auzitegiak ebazpenaren berri, eta Zumaia Lantzen erakundeari dagokionez 1992-2008 urte bitartean arau jakin batzuk ez zituztela bete ondorioztatu du. «1992ko ekainaren 10eko Administrazio Kontseiluak baltzua kudeatu eta administratzeko zerbitzuaren kontratazio zuzena onartu zuen. Kontratazio hori hirigintza jarduera zehatz batzuk egiteko zen. 241.360 euroko gastua egin zen. Gastu hori administrazioko kontratazioa zuzentzen duten publizitate eta lehia printzipioak bete gabe gauzatu zen», dio Herri Kontuen auzitegiaren txostenak. Diru publikoa, interes pribatua Horren harira, alkateak eta alkateorde Andoni Etxanizek agerraldia egin zuten atzo goizean. «EAJk bere garaian legez kanpoko esleipenak egin eta 16 urtean (1992-2008 bitartean) luzatu» zituela azaldu zuten: « Legea betetzen ez zuten prozeduraz baliatuta, Esarbe SA eraikuntza eta kudeaketa enpresa ezagunak lau milioi euro inguru jaso zituen ordainsari. EAJk diru publikoa jarri du legez kanpo eta nahierara aurkeratutako enpresa horren esku». Eta zera nabarmendu dute Udal Gobernuko bi kideek: «diru publikoa, beraz, interes pribatuen esku jarri da». Horren aurrean, EAJren bozeramaile Maria Eugenia Arrizabalagak (ikertutako garaiko alkateetako bat) Zumaia Lantzen kudeatzen zuen Esarbe enpresak «egindako lanaren arabera» kobratzen zuela adierazi du, «zegokiona, besterik ez». Era berean, Arrizabalagaren arabera, 1992an Zumaia Lantzen eratu zenetik bere Zuzendaritza Batzordeak Esarbe SA enpresari eman zion «Udal Elkarte Publikoa kudeatzeko ardura»: «Erabaki hori garai hartako Zuzendaritza Batzordeak hartu zuen, aho batez, Udalean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztien oniritziarekin, hau da, EAJk, HBk, EAk eta PSEk». Ondorioz, 1992tik 2007ra bitartean, Zumaia Lantzenen Zuzendaritza Batzordeak «aho batez» hainbat erabaki hartu zuela nabarmendu du Arrizabalagak: «Erabaki horien ondorioz, herritarrek bere bizi baldintzak hobetu zituzten, baita lan baldintzak ere». «Zumaia Lantzenen kontuak urtero auditatu dira. Hain zuzen, auditoriak egiteko enpresa HBko zinegotziak iradokituta hartu zen. Esan beharra dugu esleipen hori ere zuzenean eta lehiaketarik egin gabe izan zela», dio EAJko bozeramaileak. «Faboritismoa» Alkateak «faboritismoa errotik moztu» dutela adierazi zuen agerraldian: «Gaur egun, lehen ez bezala, prozedura guztiak gardenak dira, garbitasuna eta aukera berdintasuna ekarri dugu Udalera. Hala dio Kontu Auzitegiak». Etxanizen aburuz, «Zumaiako Udala Esarberen zerbitzura jartzen zuen ate birakaria deuseztu» du egungo Udal Gobernuak: «Orduko alkateak kargua utzi eta berehala Esarbeko kudeatzaile zuzendari gisa hasi zen lanean. Udalaren eta enpresaren artean ate birakaria jarrita zegoen». Egun, «herria enpresa pribatuen eskuetan uzten duten alderdi neoliberalen aldean», Udal Gobernuak «eskurik sartu gabe» lan egiten duela nabarmendu zuen Etxanizek. Izan ere, Udal Gobernuaren arabera, aurreko agintariei «etekin ekonomiko handiak eman dizkieten esku sartzeak moztu» dituzte, eta «prozeduran akatsik egon ez dadin» bitartekariak jarri. EAJko bozeramaileak, berriz, alderdiaren aginte urteetan Udala «inoiz» ez dela «inolako enpresa pribatuen zerbitzura» egon azaldu du: «Oso bestera, EAJk eraman zuen Zumaia inoiz izan duen egoera onenera». «Hauteskundeen atarian» «Nabarmena da kontu hau, beste behin ere, datozen udal hauteskundeen atarian EAJren aurka erabili nahi dutela» nabarmendu du Arrizabalagak: «Lau urte hauetan, beren jarduera ezin kaskarragoak eraginda, Zumaiak 1992tik pairatzen ez zuen atzerakada estali nahi dute. Ez dugu zehaztasunik eman beharrik, edonork daki zenbaterainokoa izan den egungo Udal Gobernuaren porrota haren kudeaketaren alor guztietan». Horretaz gain, Etxaniz eta Agirrezabalaga «egiaren aurka» dabiltzala adierazi du. «Arazoak Iñaki Agirrezabalagaren eskutik hasi ziren 2005. urtean. Andoni Etxaniz buru, ezker abertzaleak ere bere betiko jarrera aldatu zuen», gehitu du: «Eta EAJri kalte zuzena eragiteko asmoz gaia erabili zuten», zehaztu du bozeramaile jeltzaleak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide