Nerea Alberdi (Azkoitia, 1991) Girls in blues taldeko kide da. Duela bi urte Euskadi Gaztea Irratiko Maketa Lehiaketan aipamen berezia jaso zuen taldeak, eta orain, lehenengo kontzertua emango du bakarlari moduan. Ostiralean, 23:00etan izango dira Alberdiren eta Brak-en emanaldiak, Zurt tabernan.
- Lehenengo aldiz eskainiko duzu kontzertua bakarlari bezala. Urduri al zaude?
Bai, pixkat bai. Aurreko batean eman nuen kontziertoa Zurt tabernan, baina anaiarekin egin nuen. Orain, ordea, bakarrik jo behar dudala pentsatzeak urduri jartzen nau. Beste errespetu bat sortzen dit horrek, baina aldi berean gogoa dut horretarako. Ahal dudan gehien prestatu dut, guztiak ondo irten dadin. Izan ere, urduritasunaren aurka gauzarik egokiena ahal den lasaien hartzea da.
- Nolako emanaldia izango da?
Hamar abesti inguru taularatuko ditut, ahotsa eta gitarra uztartuta. Horietatik erdiak bertsioak izango dira. Beste erdiak, berriz, nik eta nire taldekiak, Paula Olazek, konposatutakoak dira.
