Txakolina izena zeresana ematen ari da azken hilabetetan. Izan ere, Gaztela eta Leongo ardo ekoizle batzuk Chacoli de Miranda izenarekin euren ardo zuria merkatura atera zutenetik, Getaria, Bizkaia eta Arabako txakolina jatorri izendapenak eta erakundeak martxan jarri dira txakolinaren izen ona gordetzeko eta txakolingileei hainbeste lan eta esfortzu kostatu zaien izena babesteko. Horren harira, Legebiltzarrean diputatu Joseba Agirretxek (EAJko nekazaritza arloko ordezkaria) datorren asteazkeneko batzarrean gobernuari galdetuko dio Getaria, Bizkaia eta Araba jatorri izendapenak defendatzeko zer neurri hartzeko asmoa duen.
Horretaz gain, Agirretxek Patxi Lopezen gobernuari gogoraraziko dio bere garaian Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza batzordeak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban ekoizten diren txakolina jatorri izendapenak babesteko proposamena onartu zuela. Agirretxeren esanetan, proposamen horrek jasotzen duenez, txakoli, chocoli, txakolin eta txakolina izenak ezingo dira erabili Euskaditik kanpo ekoizten diren ardo zuria izendatzeko.
Espainiako Gobernuari eskaera
Astean zehar Eusko Jaurlaritzak eta Getaria, Bizkaia eta Araba jatorri izendapenek Espainiako Nekazaritza Ministerioari eskatu diote galarazi dezala Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik kanpo ekoizten diren ardoek Txakoli izena erabiltzea. Eusko Jaurlaritzak Burgosko ardo zuria Txakoli de Miranda izenez saltzen ari diren ekoizleak salatuko dituela mehatxu ere egin du.