Itzea Goikolea Amiano (Gasteiz, 1984) itzulpengintza ikasi eta Egiptora joan zen duela bi urte arabiera ikastera. Odol azkoitiardun gazteak itzultzea erabaki zuen duela bi aste, «etapa bati amaiera emateko». Eta etorri eta hamabi egunera hasi ziren Egipton liskarrak. Urte hauetan asko ikasi du herrialde arabiarren egoerari eta kulturari buruz. Denbora horretan argi ikusi du «egiptoarrek ezin zutela gehiago» eta aldaketak «beharrezkoak» zirela.
Zergatik erabaki zenuen Egiptora joatea?
Itzulpengintza ikasi nuen Bartzelonan. Normalean bi atzerri hizkuntza aukeratzen dira. Lehena ingelesa izan zen, eta bigarrena arabiarra eta, egia esan, arabiarra aukeratzearekin mundu oso bat zabaldu zitzaidan. Hizkuntza bera asko gustatu zitzaidan, eta herri hauen historia eta kultura ikastea ederra izan zen. Arabiarrak, gainera, euskarak bezala, badu hizkuntza bateratu bat, baina dialekto piloa ditu. Karrera amaitzerako banekien arabiarra ondo ikasteko beharrezkoa zela herrialde horietakoren batera joatea. Karrera amaitzean nonbaitera joatea erabaki behar nuen. Nire bi lagun Siriara zihoazen, eta nik bakarrik joan nahi nuen. Lekuak begiratzen, bada, Egipto ateratzen zitzaidan beti, mundu arabiarreko erreferentzia delako. Azkenean, 2007ko urrian iritsi nintzen hara. Hasieran lanean jardun nuen, Cervantes Institutuan. Gero istripu bat izan nuen, eta hilabete batzutan geldirik egon nitzen. Ondo jarri nintzenean MAE-AECID beka eman zidaten, eta ordutik bi urtez arabiarra ikasten jardun dut bertan.
Nolakoa zen han bizimodua duela egun gutxi arte?
Hasieran ez neukan atzerritarrekin harremanik. Bertakoekin ibiltzen nintzen, eta orduan ikusi nuen Kairo erabateko kaosa dela. 20 milioi biztanletik gora ditu, auto pila bat, kutsadura, zarata, eta bizimodua zaila da; hiri latza da. Baina, beste alde batetik, esan daiteke baduela zerbait harrapatzen zaituena. Oso nabarmenak dira diktadura honen ondorioz gizarteak dituen errepresioa eta gabeziak. Klaseen arteko aldea oso handia da; gehiengoa pobreak dira, maila ertainekoak oso gutxi dira eta gero aberats-aberatsak direnak daude. Oro har, ordea, gizatasun handia topatzen da han; benetako jendea dago, apala eta ona.
Asteartean ehunka mila lagun bildu ziren Kairoko Tahrir plazan. Hemen ez bazeunde, han egon nahiko al zenuke?
Bai, dudarik gabe. Hau urtarrilak 25ean hasi zen. Lehen manifestazioa 25ean izan zen. Oso handia izan zen, gainera, herrialde honetan ez dutelako inoiz manifestaziorik egiten. Ostiralekoa are handiagoa izan zen. Asteartekoan klase intelektuala atera bazen, ostiralekoan herritarrak masan atera zirelako. Ostiraletik aurrera, larunbatean batez ere, egoera arriskutsua bihurtu zen, Gobernuak kontratatutako matoiak eta polizia batzuk lapurretan hasi baitziren. Jendea checkpoint-ak ipintzen hasi da beren auzoak babesteko. Hasieran Poliziaren autoak ez zituzten gelditzen, baina gero konturatu ziren polizia horietako asko lapurretan zebiltzala eta orduan haiek ere gelditzen hasi ziren. Han dauden nire lagun batzuekin hitz egitean, ikaratuta zeudela esaten zidaten. Horregatik, momentu horiek kenduta egoera hobea balitz ere, han egon nahi nuke.
Etorri aurreko egunetan arnastu al zenuen matxinada hau aurreikusteko moduko giroa?
Ez, ez, bestela ez nintzen etorriko. Bat-batean lehertu da; Tunisiakoaren ostean etorri da. Egia esan, Egipto aspalditik zegoen honetarako prestatuta, ezin baitzuten gehiago. Baina Tunisian gobernua boteretik kentzea lortu zutela ikusita, Facebook bidez deitu zuten lehen manifestazioa Egipton, eta arrakasta izan zuen. Ondoren, intelektualak atera zirela ikustean, pobreek ere ateratzea erabaki zuten, noski.
Egiptokoa bezalako presidentea duen herria ekintzaile izan al daiteke?
Zaila da. Berehala zapaltzen dituzte. Poliziak egurra ematen du han. Azken urteetan izan dira mugimenduak, baina hainbeste erreprimitzen duen gobernuarekin, eta oposizio ahul samarrarekin, zaila zen. Lau katu ziren eta manifestazioak egitea oso zaila zen. Orain, ordea, ez dago geldituko dituenik.
Aspalditik gaitzesten al dute egiptoarrek Hosni Mubarak?
Bai, aspalditik daude kokoteraino. 30 urte daramatza boterean. Baina, kontua da, aurretik beste bi diktadura izan dituztela. Independentzia lortu zuenean Gamal Abdel-Nasser jarri zen boterean, eta onartzen zuten. Baina estatu kolpea eman zuen militarra zen, azken finean. Gero Anwar el-Sadatekin, berdin. Baina horiekin hobeto zegoen jendea Mubarakekin baino. Honekin etorri zen gosea eta errepresio gogorra. Semea jarri nahi zuen boterean, gainera, eta hori jada ezin zuten onartu.
Mubarakek hauteskundeetara ez dela aurkeztuko esan du, baina, egoerari eusterik izango al du udazken arte?
Ez, inolaz ere. Astearte gaueko hitzaldiaren ostean, Mohamed El Baradeik ultimatuma eman zion ostirala baino lehen alde egiteko, eta atzo goizean baita Senide Musulmanek ere. Ostiralerako alde egiten ez badu, lehendakariaren jauregi aldera joango direla esan diote, eta hor izugarrizko istiluak sor daitezke. Une hori iristean, armadak, jada, posizionamendu argia hartu beharko du. Orain arte herritarrak babestu du, baina jauregia hartzen badute, herritareen kontra kargatu edo Mubaraken aurka jarri beharko dira.
Egiptoarrentzat ez al dira nahikoak presidenteak proposatu dituen aldaketak?
Sustraiko aldaketak eskatzen ditu herriak. Orain jarri dituen pertsonak bere konfiantzako jendea eta berekin lanean jardun dutenak dira, eta herritarrek ez dute nahi Mubarakekin zerikusia duen ezer. Dena den, Tunisiako egoera, esaterako, eta Egiptokoa ez da bera. Ekialde Hurbilean Estatu Batuek duten aliatu indartsuena da Egipto, Israelekin ere muga du eta Gaza (Palestina) blokeatzen du. Eta noski, AEBek ez dute utziko boterean edozein jar dezaten. Tunisian demokrazia erreala aplikatu ahal izango da ziurrenik, baina Egipton ez. Han demokrazia tutelatua izango da. Mubarak, aldaketak iragarri
zituenetik, ordezkoaren inguruan hitz egiten ariko da aliatuekin.
Zein aukera daude momentu honetan?
Oposizioko alderdi guztiak Mohamed El Baradai ipini dute lider bezala, IAEA Energia Atomikoko Nazioarteko Agentziaren presidente ohi eta Nobel sariduna, nazioartean oso diplomatikari entzutetsua. Duela sei hilabete itzuli zen Egiptora, eta Aldaketa eta Erreformaren Asanblada sortu zuen, Mubaraki aurka egiteko eta demokratizazioaren bideak urratzen hasteko. Baina ezinezkoa zela ikusi zuten. Alde egin zuen eta orain berriz itzuli da, eta oposizioko lider bilakatu da. Oposizioan daude, baita ere, Senide Musulmanak, islamistak. Baina denak bat eginda daude, eta lider bat dute. Eta hori garrantzitsua da.
Oposizioa bezala, herritarrak ere bat eginda daudela dirudi.
Bai, denetarik dago kalean, benetan. Gazteak batez ere, baina baita adinekoak, emakumezkoak, gizonezkoak, musulmanak eta kristauak, jende chic-a eta txilabaduna, emakumeak Nekab-arekin, familiak, denetarik. Gizarte honetan, gainera, indarkeria ez dago batere normalizatuta, jendea ez dago istiluetara ohituta, ezta labanak eramatera ere. Horregatik ateratzen da jendea lasai, haur eta guzti. Checkpoint horietan eta manifestazio inguruetan ere, herritarrak beraiek aritu dira armak eta makilak erretiratzen, ‘hau manifestazio baketsua’ da esanez bezala. Poliziak topatu dituzte, ordea, herritarren artean, sekretak, istiluak eragiten.
Polizia ez bezala, armada herritarrekin dago, ordea.
Bai, Polizia erretiratu egin dute, gainera. Ostiralean, kontrola galdu zenean, herri askotan errenditu egin zen Polizia. Orduan, armada atera zen kalera, eta herritarrak babesten ari da; ez du erasotzen, ez ditu manifestazioak desegiten, eta etxeratze-agindua dagoen arren, ez du neurririk hartzen betetzen ez dutenen aurka. Ez da ari erreprimitzen, baina ez da Mubaraken aurka ere alineatu, presidentea ere militarra delako. Haientzat ere zaila da egoera.
Egiptok garrantzia intelektual eta kultural handia duen arren, azken urteotan egoera sozio-politikoaren eraginez dekadentzian dela esan izan duzu.
Erreferentzialtasunari eutsi zioten 50. eta 60. hamarkadetan, musikan, zineman, literaturan, eta kulturako arlo askotan. Baina gero… Kairon eraikuntza asko daude lehen oso dotoreak zirenak, hornidura eta marrazkiekin. Orain berriz utzita dago dena, dekadentzian. Antzekoa gertatzen da beste arloetan ere. Jendearen kultur maila ere baxua da.
Zein da egoera horren arrazoi nagusia?
Palestinan, adibidez, Israelen okupaziopean bizi direnez,
formazio politiko handia dute herriarrek. Asko irakurtzen dute palestinarrek, eta haietako askok jakingo dute, ziurrenik, Euskal Herrian zer gertatzen den, edo beren mundutik kanpo zer gertatzen den. Baina Egipton ez da hala, eta dekadentzia zentzu guztietan ikusten da. Penintsula Arabiarrean petrolioa aurkitu zutenean, jende asko joan zen hara lanera; Oman, Qatar, Dubai eta leku horietara. Beduinoek aurkitu zuten, baina berehala kendu zituzten haiek paretik, eta bat-batean ikaragarrizko hiriak eta zeru-orratzak egiten hasi ziren; zentzugabekeria hutsa, alegia. Saudi Arabian daude fundamentalismo islamikoaren erroak ere. Eta hara lanera joandako jendeak, 70. hamarkada inguruan itzultzen hasi zenean, diru asko ekarri zuen. Baina ez hori bakarrik, hango ideia atzerakoi guztiak ere eurekin ekarri zituzten. Dekadentzia hortik ere badator. Erlijioak erabat irentsita ditu. Egipton lehen, 50. hamarkadan, emakumeak ilea solte eramaten zuten, eta ez zegoen nekab-ik. Egoera eta gertaera askoren ondorioz, ordea, zapalketa eta Golkoko eraginagatik, intelektualtasun erreferentzia izateari uzten joan da pixkanaka-pixkanaka.
Hala espero dut. Saiatzen ari dira, behintzat. Yemenen uko egin dio agintaldiari lehendakariak, protesten ondorioz. Saudi Arabia bezalako erregimen gogor batean ere izan ziren protestak, txikiak, baina izan ziren. Jordanian erregeak gobernu berria eratzeko eta erreformak egiteko eskatu du. Sirian otsailaren 5erako manifestaziora deitu dute. Horiek denak dira diktadurak, eta bata bestearen atzetik etor daitezke aldaketak. Marokon, gobernua bera diru-laguntzak ematen ari da eta prezioak jaisten, herria altxa ez dadin, egoera bare mantendu nahian. Nahiko nuke horrelako aldaketa etortzea, kolonizazioa amaitu zenetik inposatuta bizi izan baitira herrialde hauek, eta ezin izan baitute aurrera normaltasunez egin.